Euren urteurrenetan bat egingo dabe BOSek eta Guggenheimek
2022-05-26 10:56 MusikeaDobako kontzertua atondu dabe bagilaren 18an.
Ospakizun urtea da 2022. hau Bilboko kulturgintzako eragile birentzat: Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) ehun urte bete ditu aurten; Guggenheim Museoak, ostera, 25. Hortaz, efemerideok alkarregaz ospatzea erabagi dabe, herritar guztiei zabalik egongo dan kontzertu sinfoniko baten bidez. Jakina, musikea BOSeko artisten ardurea izango da, eta oholtzea museoan ipiniko dabe.
EDP Fundazinoa sustatzaile dala, bagilaren 18an izango da kontzertua, 23:00etan. Dobako gonbidapenak gaur, maiatzak 26, hasi dira banatzen, Guggenheimen webgunean eta txarteldegian. Kontzertuaren egunean bertan beste emonaldi bat egongo da, 20:00etan, baina museoaren eta BOSen lagunentzat da eta gonbidapenak agortu egin dira.
Guggenheim Museoaren atrioan egingo daben kontzertuan, arteagaz, sormenagaz eta ospakizunagaz lotutako hainbat pieza joko ditue. Esate baterako, Modest Mussorgsky konpositorearen Erakusketa bateko koadroak, Viktor Hartmann lagunaren omenez idatzi ebana, ha hil ostean. Hartmannen artelanetatik musikearen bidezko ibilbidea egiten da doinuen bidez. Jatorrian pianorako piezea bazan be, Maurice Ravelek orkestrazino bikaina emon eutsan.
Historiak modu bidebakoan tratautako emakume konpositore baten obrea be entzun ahal izango da kontzertuan, Augusta Holmès frantsesaren Andromeda poema sinfoniko trinko eta poteretsua. Arteen adiskidetasuna eta hareen arteko hartu-emonak ospatzeko aukera bikaina dala aurreratu dabe BOSeko eta Guggenheimeko arduradunek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!