Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira ohorezko ‘señora’ gonbidatuak
2022-05-26 09:48 BertsolaritzeaBagilaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan.
II. Señora Sariketako finala, bagilaren 4an izango da, Herri Aretoan, 17:00etan.
Hendaian eta Laudion sailkatutako bertsolari bigaz batera kantauko dabe gonbidatu bereziak diran señora biek be. Bigarren edizinoan, Erika Lagoma Pombar (Lesaka, 1981) eta Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, 1984) izango dira ohorezko señora biak eta horreekaz batera oholtzan izango dira Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Aner Euzkitze eta Sarai Robles Vitas bertsolariak. Olatz Zuazubiskar eta Maria Oses arduratuko dira gaiak jarteaz.
Aitatutako sei bertsolariakaz batera, Kataluniatik etorritako glosadore emakumeek be kantauko dabe finalean; eurena izango da finalari hasierea emoteko ardurea. Danetara zazpi glosadore etorriko dira Señora Sariketea ezagutzera. Leitzako finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean erosi daitekez.
Egun osoko egitaraua izango da bagilaren 4an: Eguerdiko hamabietan kantu-poteoan batuko dira bertsolari, bertsozale eta atontzaileak eta 14:30ean alkarregaz bazkaltzeko ordua izango da. Finala 17:00etan hasiko da Leitzako Herri Aretoan eta ondoren, gurdi-poteoa be izango da. Gauean, barriz, DJ Txillardegi eta Lilith Selektah izango dira protagonista Atekabeltz gaztetxean 23:30etik aurrera.
Danetara, hamalau bertsolarik parte hartu dute emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgarritasuna bilatzen duen lagunarteko txapelketan.
Zer da Señora sariketea?
Igaz egin eben hainbat bertsolarik eta bertsozale feministek lehen Señora Sariketea, lekuan lekuko eragileen eta mobimentu feministako kideakaz alkarlanean, bertso plaza barriak sortu eta emakumeei zein baztertu eta zapaldutako identidadeei ikusgarritasuna emoteko asmoz. Belaunaldien arteko aliantzak sendotzea dabe helburu, ahalduntze kolektiboaren bidetik, betibe, lurraldetasuna aintzat hartuz. Baina, zergaitik señora berbea? Andre zaharragaz eta bakardareagaz lotutako kontzeptuari bueltea emon nahi izan deutselako; Maider Arregi bertsolari eta atontzaileak adierazo dauenez, emakume indartsua da señora bat, ahaldunduta dagoana eta berbearen eraldaketa hori lortzea da helburua.
Kateorratza, aurtengo irudia
Kateorratz bat. Horra aurtengo sariketeak hautatutako sinboloa, izan be, señora guztiak ordezkatu leikezan tresnea da: makarren txapetan dago, punkyen belarritakoetan eta edadekoen zapietan, zorrotza da kateorratza eta danak batzeko balio leike aldi berean. Diseinuaren eta sariketearen inguruko informazino guztia Twitter eta Instagram sare sozialen bitartez eskuratu daiteke, @senorasariketa kontuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!