Sonakay taldeak 'Heroiak' singlea kaleratu dau

Bizkaie! 2022-05-26 08:33   Musikea

Bagilean agertuko dan disko barriaren aurrerapena da.

Hirugarren diskoa argitaratzear da Sonakay taldea, eta lan barriaren aurrerapena dan lehenengo singlea zabaldu dau sareetan, Heroiak. David Bowie artista britainiar handiaren Heroes kantuaren bersinoa da, Sonakayren erritmora egokituta eta euskeraz. Harkaitz Canok itzuli ditu ingelesezko berbak euskerara.

Ohiko moduan, flamenkoa da abesti barriaren oinarria, euskal kulturako elementuez jantzia eta ikutu modernoagaz. Syntorama etxeak azaldu dauenez, barriro be ikus-entzuleak aho zabalik geratuko dira taldeak flamenkoa euskeraz egiteko dauen trebetasunaren aurrean. Oraingo honetan, ganera, klasiko handietako baten bersinoa dakarre.

Disko barriko kantu guztietan lez, Heroiak-en Jaime Stinus ibili da produktore. Musikari, konpositore eta produktore beteranoak ibilbide oparoa dau, besteak beste Orquesta Mondragoneko kide izan zan, baita Loquillo, Joaquin Sabina eta Hombres G-ren produktore be.

Entzun Heroiak hemen.

Sonakayren disko barria, euren ibilbideko hirugarrena, Suerte izango da. Taldekideek aurreratu dabenez, bagilaren 8an argitaratuko dabe, eta salto kualitatiboa ekarriko dau. Heroiak-ez gan, beste zortzi kantu izango ditu, tartean Luis Eduardo Auteren Al alba-ren bersinoa. Iker Laurobak sortu dau beste abesti bat eta ganerakoak Yoni Camacho taldeko abeslariarenak dira.

Oiartzungo Mecca Recordings estudioetan grabau dau Sonakayk Suerte, lehen aitatutako Jaime Stinus produktore dala eta musikari ezagunen kolaborazino eta guzti: Iñaki Salvador (pianoa), Karlos Aranzegi (bateria), Lutxo Neira (baxua), Luis Moreno Pirata (haizeak), Bixente Martinez (gitarrak) eta Lara Mitxelena eta Gema Ines (txalapartea).

Disko barria aurkezteko birako kontzertu batzuk hittzartuta ditue, ganera. Sestaon izango da Sonakay bagilaren 26an; Irunen joko dau abuztuaren 26an; eta Elorrion irailaren 4an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu