Josu Okiñenak euskal ondare musikala berreskuratzeko proiektu barriak ditu
2022-05-25 12:17 MusikeaEkimenak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza ekonomikoa jaso dau.
OE Oficina gure musikearen erreskatean lanean dabil prozesu osoan: eskuizkribuak ikertu eta berreskuratu, obrak argitaratu, soinu-erregistroak grabau eta kontzertu-zikloak atondu, beti euskal ondarea munduan zabaltzeko. OE Oficinak urteetan ahaztutako euskal musika-ondarea berreskuratzeko helburuagaz jarraitzen dau lanean, azken urtean argitaratutako argitalpen eta disko-lan ugarigaz. Era berean, musika garaikideko konpositore barriak bultzatzeko lanari be ekiten deutso.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak parte hartu dau gaur, Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta irakasleagaz batera, Okiñenak berreskuratutako obra barrien aurkezpenean.
Josu Okiñenaren eretxiz, harro eta pozik gagoz, OE Oficinaren proiektuagaz hasiera batean ezarritako helburuak beteten doazelako, hau da, euskal musika klasikoa mundu osora zabaltzea. Zabalkunde hori zuzeneko errezitaldien, grabazinoen eta partituren edizino kritikoen bidez egiten dogu. Holan, errepertorioa eskura dago musika munduko profesionalentzat eta euskal kultura-ondarearen ezagutzan interesa dauen publikoarentzat. Garrantzitsua izan da pandemiak eskaini deuskuna aprobetxetea, hau da, hausnarketarako, lanerako eta ikerketarako tarteak bilatzea, pandemiarik ezaren egunerokotasuna ezinezkoa dala aprobetxetea. Jakina, horrek kontzertuak atontzeko zailtasun handiagoa ekarri dau, mobikortasun-arazoak izan diralako, baina emonkorra izan da eskuizkribuak ikertzeko eta partiturak egiteko.
Horregaitik, aurkeztutako materialaren artean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundu dituan hainbat lan dagoz: Eskerrak emoten deutsaguz Eusko Jaurlaritzari proiektu honetan guztian baldintza barik laguntzeagaitik, laguntza barik, proiektu hau ezin izango zalako gorpuztu eta gaur ez ginateke hemen egongo proiektu eta argitalpenen bolumen hau guztia aurkezten, azpimarratu dau musikariak.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu dauenez, bizirik behar dau memoriak, bizitzak memoria behar dauelako. Horregaitik berba egiten dogu memoria biziaz. Eta transmisinoaz. Egitasmo honek, gordean eta isilean egozan altxor musikalak kulturearen eta bizitzearen plazara ekarten ditu. Memoria biziaren adierazpen ederra da: Euskal musika gordailutik, plazara eta joanalditik egungo belarrietara ekarten dau. Ikuspegi zabal eta profesional bategaz. Eskuizkributik hasi eta zuzeneko saioetaraino egin behar diran urrats guztiez arduratzen da: aztertu, partiturak editau, entzunaldiak sustatu, grabaketak egin eta, komuniketea.
Esangura horretan, 2022an kaleratutako lan gehienak dagoeneko eskuragarri dagoz hemen. ituzue www.oeoficina.com webgunean:
2022an argitaratutako partitura barriak:
1- Pascual Aldave, Akelarre, Rapsodia Vasca n. 1
2- Pascual Aldave, Akelarre, Rapsodia Vasca n. 3
3- Pascual Aldave, Eliz Bidea, Elizarako bidea, 5. op.
4- Lorenzo Ondarra, Te Deum.
5- Lorenzo Ondarra, Laudes, biolin, txelo eta pianorako.
6- Lorenzo Ondarra, Erdi Arokoa, txelorako eta pianorako.
7- Lorenzo Ondarra, Gabon Kantak.
8- Lorenzo Ondarra, Bi Gabon Kanta (Tolosako Abesbatza Lehiaketearen edizino berezia).
9- Tomás Garbizu, Bi Euskal Pieza.
10- Hilario Olazaran De Estella, Suite Navarra biolin eta pianorako.
Nabarmentzekoa da obra horreetako batean, 8. zenbakidunean, hain zuzen be, Lorenzo Ondarraren heriotzearen hamargarren urteurrenean, Tolosako abesbatza-masen jaialdirako nahitaezko pieza lez hautatutako gabon-kanta bi dagozala.
Era berean, Ondarraren obra sinfoniko-koral handienetako bat dan Te Deum obrea eta Aldave konpositoreak korurako egindako Eliz Bidea obra erlijiosoa be berreskuratu ditue: Gainera, oraintxe bertan Aita Donostiaren Pro Defunctis mezearen orkestra-bersinoa argitaratzear gara, inoiz argitaratu ez dana. Euskal requiem handia dgu honakoa, aurreratu dau Okiñenak.
Diskoak grabetea musika horregaz
CD bi argitaratu ditu OE Oficinak artxiboetatik berreskuratutako musika hori bultzatu daben artista banagaz, besteak beste, Mikel Uskola kontratenor euskalduna -Aita Donostia Songs obreagaz- eta Lyana Gourdjia biolinista georgiarra –Xarmak-, biak Okiñenaren pianoagaz batera.
OE Oficinak egiten dauen 360 graduko prozesu honen barruan, diskoen grabazinoak beste katebegi bat dira musika hau bertako zein nazinoarteko artista gazteen bitartez zabaltzeko, ondoren errezitaldi horreek zuzenean be interpretau deiezan, ekimenaren bultzatzailearen esanetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!