Euskoak dakarzan onurak azaltzeko bideoa

Bizkaie! 2022-05-25 10:20   Pil-pilean

Ipar Euskal Herrian 4.000 erabiltzaile partikular eta 1.300 profesional ditu.

Lekuan lekuko txanpon komunitario eta solidarioen artean, Europako handiena da euskoa: 4.000 norbanakok, 1.300 profesionalek eta 33 udalerrik erabilten dabe Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baita Euskal Hirigune Elkargoak be. Hiru miloe euro dabiz eskutik eskura. Halanda be, herritar batzuek zalantzak izan leikiez euskoak gizartean benetan dauen onureaz eta, horregaitik, azalpen bideo laburra plazaratu dabe.

Zergatik erabili euskoa, tokiko produktuak kontsumitzen baditut?, horixe da bideoaren izenburua. Modu labur eta errazean, txanpon berezi horrek gizartean dauen eragina, negozio txikientzat dakarzan abantailak, ekonomia solidarioagoa eregiteko dauen indarra eta euskereari emoten deutsan arnasea agertzen dira.

Euskal Monetak, euskoa kudeatzen dauen alkarteak, gaur egungo datuak hobetu nahi ditu, persona eta negozio gehiagogana heldu: Euskoa esku guztietatik ibiltea da helburua, danek parte hartu daigun biharko gizartearen eraikuntzan. Bideoak azaltzen dau euskoak modu askotara laguntzen dauela lurralde dinamikoagoak, solidarioagoak eta erresilienteagoak eregiten.

Bertoko produktoreen eta ekonomiaren inguruko kontzientzia dabenak dira bideoaren lehenengo parteko hartzaileak. Lekuan lekuko produktuak erostea ederto dago, berez, baina salerosketa horreek euskotan egiten badira, are hobeto, Euskal Monetaren arabera. Izan be, zeozer erosten dogun bakotxean, eskualdean bertan geratzen dan zirkulua zabaltzen da.

Euskoa darabilen profesionalen % 56, gitxienez inguruko hornitzaile barri bategaz hasi da beharrean txanponagaz bat egin ebanetik, Euskal Monetaren datuen arabera. Transizino ekologikorako mugarri eta kalidadezko lan sektoreen bultzatzaile be bada euskoa. Hortaz, eragina bikotxa da: hemen egon eta erabilten da eta transizino ekologikorako euro-bermea da.

Era berean, proiektu lokalak modu zuzenean finantzietako be erabilten da euskoa, % 5eko zergearen sistemeari esker. Urteotan, 180.000 euro baino gehiago emon deutsez 80 bat erakunderi, hezkuntzan, kulturan, alkartasunean, euskeran, kirolean...

Hortaz, euskoaren balioak dituan jenteari dei egin deutso Euskal Monetak, pausua egin eta tokiko monetea egunerokoan erabiltera.

Ikusi bideoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu