Euskerazko 21 ipuin nabarmendu ditue XXXIV. Rafael Mikoleta Sarietan

Bizkaie! 2022-05-25 08:38   Euskerea berbagai

Bilboko gaztetxuek idatzi ditue.

Magia saioaz gozau dabe irabazleek Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

1988tik egiten dau Bilboko Udalak lehenengo euskerearen gramatikearen autore Rafael Mikoletaren omenezko idazlan lehiaketea, uriko gazteen artean literaturarako eta euskerazko sormenerako zaletasuna biztuteko. Aurten, 34. edizinoan, 8 eta 16 urte bitarteko 21 ipuin nabarmendu ditu epaimahaiak (14 sari eta zazpi akzesit).

Bilboko udaletxean egin dabe sariak emoteko ekitaldia. Han izan dira, irabazleakaz batera, Juan Mari Aburto alkatea, zinegotziak eta epaimahaikideak. Lehiaketea erreferentea da berbak alkartzeko, esaldiak josteko eta sormenez beteriko ipuinak kontetako gai diran talentudun gazteentzat, Aburtoren esanetan.

Gai ugari landu ditue parte-hartzaileek istorioetan, esate baterako, laguntasuna, enpatia, errespetua, alkartasuna eta hurreko persona baten heriotzea, besteak beste. Gaiak lantzeko modua eta originaltasuna kontuan izan ditu epaimahaiak irabazleak aukeratzeko orduan. Euren mezu sakon eta garrantzitsuen bitartez, benetako lezinoak emon deuskuez behin baino gehiagotan, azpimarratu dau alkateak.

Kontuak kontu, mailaka sailkatu ditue idazle gazteak, edadearen arabera, eta kategoria bakotxean hainbat sari egon dira, baita akzesitak be. Danetara, 970 parte-hartzailek bialdu ditue ipuinak, danak euskeraz. Epaimahaiko kideak Igone Etxebarria, Txani Rodríguez, Lutxo Egia, Juan Ramón Madariaga, Julen Gabiria, Irune Urrizelki, Galder Urzaa, Eneko Zuloaga, Maite Santiago eta Goizalde Landabaso izan dira.

Hauxe da irabazleen zerrendea:

Bilbo Balioen Uria Sariak

- Iraskalerik onena. Begoña Saralegui Blanco. Ikasbide HLBHIP. (DBHko 1. eta 2. mailak).

- Orain Maria naiz, eta zer?. Naia Reguilon Zabala. Artxandape Ikastola (DBHko 3. eta 4. mailak).

A kategoria (LHko 3. eta 4. mailak)

- Programatzailea izan nahi dut. Maddi Miguel Garay. Karmelo Ikastola.

- Aritzen ametsak. Ekhi Mendia Bikandi. Kirikiño Ikastola HLBHIP.

- Magoak iluntasunaren kontra. Hodei Zarraga Azumendi. Karmelo Ikastola.

B kategoria (LHko 5. eta 6. mailak)

- Emakumeok ere marinel. Maddi Delgado Zaballa. Karmelo Ikastola.

- Laguntza bila. June Elizundia Chimeno. Kirikiño Ikastola HLBHIP.

- Ardi beltza. Maren Matías Miraz. San Inazio HLHI.

C kategoria (DBHko 1. eta 2. mailak)

- Zergatik nik?. Paula Arostegui Sainz de la Maza. Begoñazpi Ikastola.

- Esklusiba, esklusiba!. Mikel Ortiz Ramírez. San Adrian BHI.

- Pizza euria. Kattalin Ahedo López. Abusu Ikastola.

D kategoria (DBHko 3. eta 4. mailak)

- Koadroa. Erika Jabbar. Ikasbide HLBHIP.

- Inspirazioa. Gara Medrano López. San Adrian BHI.

- Georgen egunerokoa. Kattalin Begoña Marín. Artxandape Ikastola.

Irabazleei era askotako sariak emon deutsez, danak 100 eta 180 euro bitarteko baliodunak: tabletak, bozgorailuak, hari bako entzungailuak eta Go Pro kamarak. Ganera, ipuin saritu guztiak liburu batean argitaratuko ditue, baita akzesita irabazi daben zazpirak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu