Nafarroako bertsolaritzea ikertzeko hitzarmena

Bizkaie! 2022-05-24 13:25   Bertsolaritzea
Ana Ollo eta Ander Perez (argazkia: Nafarroako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolaritzeak dauen ondare aberatsa gorde, jagon eta zabaltzeko bidean pausu esanguratsua egin dabe hango Nafarroako Gobernuak eta Bertsozale Alkarteak. Nafarroako bertsolaritzaren dokumentazioa eta ikerkuntza programa garatzeko hitzarmena sinatu dabe Iruñean Ana Ollo kontseilariak eta Ander Perez Nafarroako Bertsozale Alkarteko koordinatzaileak.

Akordioari esker, Nafarroako Bertsozale Alkartearen lanak erakundeen autortzea eta finantziazinoa izango ditu. Lurralde osoan bertsolaritzeak dauen ondarea batu eta ikertzea da alkartearen oinarrizko zereginetako bat, eta informazino hori guztia ikerlarien eskura egongo da aurrerantzean.

Kontuan izan behar da, datu historikoez gan, Nafarroan urtero egiten diran 200 bat saioen barri zehatza jasoten dauela alkarteak (Xenpelar Dokumentazino Zentroak lagunduta), hau da, audio eta bideo grabazinoak, argazkiak, kartelak, transkripzinoak... Bertsolaritzeagaz lotutako norbanakoen biografiak eten barik eguneratzen dira eta hemeroteka zabala be badago. Hortaz, informazino ikaragarria dabe gordeta, kantidadez zein kalidadez.

Dokumentazino lan horri laguntzeko, Nafarroako Gobernuak 40.000 euro emongo deutsaz Nafarroako Bertsozale Alkarteari, Euskarabidea Institutuaren bidez eta aurrekontu orokorren kontura. 2022ko zemendira artekoa da hitzarmena.

Zeregin baliotsuagaz segidu ahal izateko baliabideak emongo deutsaz hitzarmenak, beraz, alkarteari. Horrezaz gan, sinatutako testuak aurreikusi dau Nafarroako bertsolaritzea ikertzeko deialdia be egitea.

Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondasun izentau eban bertsolaritzea 2018an, bertako kantu inprobisaduaren adierazpiderik nabarmenena dalako, eta jagon eta transmitidu beharreko ondare inmaterialtzat be jo eban. Oraingo hitzarmenak bultzadea emongo deutso helburu horri, bertsolaritzeak urtean zehar eragiten dauen ondarea jasoteko eta biharko belaunaldi zein ikertzaileen esku ixteko oinarrizko bermea ezarriko dauen ezkero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu