Patxi Zabaleta euskaltzain emeritu izango da aurrerantzean
2022-05-24 11:33 Euskerea berbagaiHurrengo Osoko Bilkura bietan aurkeztuko dira ordezko izateko hautagaiak.
Patxi Zabaleta idazle, euskaltzale eta legelari nafarrak 75 urte bete zituan maiatzaren 20an. Hortaz, Euskaltzaindiaren arauek dakarrenari kasu eginez, euskaltzain oso izateari itxi eta euskaltzain emeritu izango da aurrerantzean. Horrek esan nahi dau hutsune bat geratuko dala Akademiako kide osoen artean, eta berau beteteko prozesua hasiko da.
Hain zuzen be, Euskaltzaindiaren hurrengo Osoko Bilkura bietan, bagilekoan eta garagarrilekoan, aurkeztu ahal izango dira euskaltzain osoak izateko hautagaitzak. Iraileko Osoko Bilkuran erabagiko dabe euskaltzainek euren arteko kide barria. Hautagai izateko proposamena gitxienez hiru euskaltzain osok izenpetu beharko dabe, eta haren merezimenduak zehaztasunez azaldu.
Patxi Zabaleta (Leitza, 1947) Zuzenbidean eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna da. Euskera irakasle hasi bazan be, abogadua izan da luzaroan, Iruñean. Idazle oparoa be bada, narratiban, poesian, saiakeran eta abar. Bestetik, politikan be ibilbide luzea egin eban sasoi batean, batez be ezker abertzalearen inguruan: Herri Batasunaren sortzaile, Iruñeko zinegotzi, Nafarroako legebiltzarkide, Aralarren bultzatzaile eta Nafarroa Bairen legebiltzarkide.
Euskerearen aldeko lanean gaztetatik hasi zan, gau eskoletan eta Arturo Campion euskaltegiaren lehenengo zuzendari. Nafarroako ikastolak legeztatzeko prozesuan hartu eban parte, baita Iruñeko Hizkuntza Eskolea sustatzen be.
Euskaltzain urgazle 1975ean izentau eben eta 1987tik izan da euskaltzain oso. Nafarroako euskararen etorkizunaren baldintzak izenburudun sarrerako berbaldia egin eban Leitza jaioterrian. Akademian, beste zeregin askoren artean, arlo juridiko eta ekonomikoaz arduratu da Zabaleta, eta Jagon Sailean be badabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!