Euskerazko testu juridikoak batu ditue erakusketa ibiltari batean

Bizkaie! 2022-05-24 08:36   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiaren eta erakunde legegileen arteko alkarlanaren emoitzea da.

Erakusketearen arduradun diran erakundeetako ordezkariak (Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskereak legeen munduan eta testu juridikoetan dauen lekua ez da zabal-zabala, baina uste doguna baino sarriago agertu dira historian zehar gure hizkuntzearen lekukotasunak gai horri lotuta. Hain zuzen be, horren barri emotera dator Hitzak lege erakusketa ibiltaria, Euskaltzaindiaren eta Hego Euskal Herriko erakunde legegileen alkarlanari esker sortua. Nafarroako Parlamentua, Eusko Legebiltzarra eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusiak dira erakundeok.

Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren egoitzan, egingo dau lehenengo geldialdia erakusketeak. Asteon hasi eta urriaren 30era bitartean ikusi ahal izango da han, goizetan. Abuztuan itxita egongo da. Ondoren, beste uri batzuetara eroatea da asmoa.

Batzar Nagusiek, Nafarroako Parlamentuak, Eusko Legebiltzarrak eta Akitania Barriko erakundeek gordeta dituen euskerazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan erakustea da Hitzak lege ekimenaren helburua. Ikuspegi zabaleko erakusketa ibiltaria da, zuzenbide idatzian euskereak historian izan dauen eta egun dauen lekuaren zuzeneko testigu diralako testuok, azaldu dau Gotzon Loberak, erakusketearen koordinatzaileak.

Askotan uste izan danaren kontra, testu juridikoetan euskerea erabili izan dala eta horren lekukotasun baliotsuak dagozala ganeratu dau Loberak: Euskal hiztunek hartu-emon juridikoetan euskerea erabili dabela eta erabilten dabela azaltzen dau garbiro erakusketeak.

Modu didaktikoan euskerazko testu juridikoen barri emoteko, 25 panel handitan banatu dabe Hitzak lege. Hiru atal dira: aldeen arteko hartu-emon juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Ganera, hiru panel interaktibo, beste horrenbeste argiztatu eta bitrina bat be badaukaz erakusketeak, azken hori jatorrizko dokumentuak gordeteko.

Testu bitxi edo deigarri batzuk dagoz. Euskaltzaindiak honeek aitatu ditu:

- 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoan esaldi ezaguna, oinordetzetan zelan jokatu adierazoten ebana: Urde Urdaondo e(ta) açia etondo.

- Etxepare, Axular eta Oihenarten testuak, XVI. eta XVII. mendekoak, zuzenbidearen aztarnea erakusten dabelako.

- 1552ko Diego Zufiaren eta Maria Migelen arteko ezkon-berbea.

- 1789ko arrangura-kaierak. Eleizeak, nobleek eta hirugarren estaduak Frantziako erregeari egindako eskariak dira arrangurak eta, Lapurdiko testu honetan, frantsesez eta euskeraz idatzi zituen.

- 1790ko Lapurdiko komitatearen adierazpena, Makaiako bizkondearen salaketei kontra egiteko.

- 1820an Bizenta Mogelek itzulitako Luis de Borbon kardinalaren gutun pastorala, bizkaieraz.

- 1833 eta 1877 urteen arteko Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, elebidunak.

- 1839an Lehen Karlistaldia amaitutzat jo eban Bergarako Ituna.

- 1936ko Autonomia Estatutuaren testua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.

- 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibersala, 1950ean euskeratua.

- 1979ko Gernikako Estatutua eta 1982ko Nafarroako Hobekuntzearen Legea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu