Baztango euskerea jorratu dau Paskual Rekaldek sarrerako berbaldian
2022-05-23 07:55 Euskerea berbagaiEuskaltzain oso izentau dabe hizkuntzalari nafarra.
2020ko garagarrilean, Euskaltzaindiaren Osoko Bilkureak Paskual Rekalde hizkuntzalaria aukeratu eban euskaltzain oso izateko, baina, pandemia tarteko, orain arte ezin izan dau sarrerako berbaldia egin. Baztanen izan da ekitaldia, Rekalderen jaioterrian.
Egitarau bete-betea antolatu dau Euskaltzaindiak, Baztango udaletxean egindako Osoko Bilkureagaz hasita. Ondoren, Baztango bailarako parte dan Amaiur herrira joan dira konbidadu guztiak. Hango plazan egin dau Paskual Rekaldek sarrerako berbaldia, Baztango euskerearen eta leku-izenen ingurukoa.
Berbaldiaz gan, giroa berotzeko ekitaldi ugari egon dira Amaiurren. Lehenik eta behin, Baztango Gaitariek egin dabe emonaldia, ondoren pare bat bertso bota ditu Mikel Altzuart Dutarik eta Amaiurren Kantuz abesbatzearen doinuak be entzun ahal izan dira.
Baztango alkate Joseba Otondok eta Amaiurreko alkate Ixabel Alemanek egin ditue bertaratutakoei ondoetorria emoteko berbaldiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak, ostera, era honetako ekitaldi baten garrantzia eta sinbolismoa azpimarratu ditu.
Paskual Rekaldek hiru zati nagusitan banatu ditu azalpenak. Hasteko, Baztango euskerearen aitzindariei autortzea egin eta bailarako hizkeren ezaugarriak azaldu ditu. Gauza bat nabarmendu dau Rekaldek, hau da, Baztango euskerea asko aldatzen dabilela azkenaldion. Lehen, lapurteraren hurrekoa zan, orain nafarreratik gero eta hurrago dago. Ganera, belaunaldi barrietan euskera batuaren eragina be ezin da ahaztu.
Baztanek Euskaltzaindiaren Hiztegiari egindako ekarpen zabala errepasau dau Rekaldek ondoren. Izan be, euskerearen batasunean be parte hartu dau hango hizkera bereziak. Eskualdean erabilten diran berbak aitatu ditu berbaldiaren azken zatian, baita inguruko leku-izenak be, Amaiur herritik hasita. Amaiurrek bizirik eta euskaldun segitzen dauela esanda amaitu dau.
Miriam Urkia euskaltzainari egokitu jako Rekalderen berbaldiari erantzuna emotea. Euskaltzaindiaren alde egindako lana azpimarratuz, Rekalderen ibilbide oparoa gogora ekarri dau Urkiak eta, aurretik entzundako berbaldiaren harira, azaldu dau goi-nafarreratik hartutako 600 adiera inguru dagozala Euskaltzaindiaren Hiztegian.
Ekitaldia biribiltzeko, euskaltzain osoaren dominea, diplomea eta ikurra emon deutsez Paskual Rekalderi. Euskaltzainei jagokezen eginkizunak beteko dituala zin egin dau. Patxi Larraldek zuzendutako txistularien eta Baztango Gaitarien doinuek lagunduta amaitu da egitaraua, eta bazkaria egon da gero.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!