Maiatzaren 28an Bardo Eguna izango da, Garraldan

Bizkaie! 2022-05-23 10:13   Bertsolaritzea

Nafarroako helduen Bertso Eskoletako kideak batu eta sarea sendotzea izango da helburua.

Taldekako bertso txapelketa bat izango dau oinarrian egitarauak, taberna girokoa eta otorduez lagundua.

2012an estreinau zanetik, urte birik behin egiten da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketea, banakako txapelketeagaz txandaka. Bost edizino egin dira ordutik eta ehundaka parte-hartzaile pasau dira bertatik: bertsolariak, gai-jartzaileak, laguntzaileak... 2021ean udaberritik udagoienera mobidu eben Nafarroako Bertsolari Txapelketea, banakakoa eta ondorioz, 2022an Bardoak ohiko formatuan ez atontzea erabagi eban Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Dana dala, egun bakarrean bada be, Bardoen espirirtuari eutsi gura izan deutso alkarteak, izan be, helduen Bertso Eskolak saretzea izango dau helburu Bardo Egunak. Maiatzaren 28an egingo da, Garraldan, egun osoz.

Bertso Eskoletako partaideen arteko hartu-emonak bultzatu guran, egunean bertan osotuko dira taldeak, eskola ezbardinetako bertsolariak nahastauta. Talde horren lehen zeregina euren saiorako hasierako agurra atontzea izango da, emondako gaiari jarraituz eta horretarako herrian beharrezko daben informazinoa batuz, ginkanan. Behin hori eginda, hiru saio jokatuko dira, bata besteren atzetik, Garraldako hiru taberna eta alkartetan. Bina talde ibiliko dira saioetako bakotxean eta horreetako bakotxean nagusitzen dan taldea zuzenean sailkatuko da finalera. Afalostean jokatuko da finala, Errotaberri tabernan.

Izen-emotea, webgunean

Bertsolari edo gai-jartzaile lez hartu daiteke parte taldekako txapelketan baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik ondorengo formularioan izena emotea, maiatzaren 23a baino lehenago. Saio guztiak edegiak dira, bai eta afaria be, baina azken honetarako be aldez aurretik izena emon beharko da, formulario berean eta epe berean. 18 euroko prezioa dau afariak, momentuan bertan ordaintzekoa. Bazkaltzeko luntxa jarriko da, lehen saioagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu