Maddi Agirre Araban eta Beñat Astiz Nafarroan, Eskolarteko txapeldun

Bizkaie! 2022-05-23 08:24   Bertsolaritzea

Euskal Herriko finalean kantauko dabe biek.

Maddi Agirre, Arabako txapela irabazi barri (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Araban eta Nafarroan, astegoienean jokatu ditue Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalak, Gasteizen eta Arantzan, hurranez hurran. Maddi Agirre izan da irabazlea Arabako 27. edizinoan, giro bikaina izan dauen ekitaldian: bat-bateko finalaren aurretik, 14 urtetik beherakoentzako idatzizko bertsoen finala eta Armentiako bertso-eskolakoen bat-bateko saioa egin ditue.

Maddi Agirreren ostean, Danel Herratte izan da bigarren. Hortaz, Agirre eta Danel izango dira Arabako ordezkariak Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. Gasteizen kantau daben beste finalistak honeek izan dira: Irati Martinez, Eukene De los Aires, Samuel Rodriguez, Hegoi Amabizka, Sabin Abarrategi eta Gari Arexolaleiba.

Maddi Agirrek bigarrenez jantzi dau Eskolarteko txapela, igaz be bera izan zalako irabazlea. Hortaz, egurrezko mikrofono sinbolikoa be, beste urte batez gordeko dau bere etxean.

Nafarroan be maila oneko finala entzun ahal izan dabe Arantzako Aterpean batutako zaleek. Kasu honetan, herrialde horretako 36. edizinoa izan da. Barañaingo Beñat Astiz irabazleagaz batera, Eki Mateorena leitzarra sailkatu da Euskal Herriko finalera, bigarren egin dauelako. Ganera, Oinak Buruan Saria emon deutse Mateorenari.

Arantzan kantau daben beste bertsolariak honeek izan dira: Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Manex Leone Baraibar (Iruñea), Olatz Bados Ganuza (Olazti) eta Xabier Elizalde Soto (Iruñea).

Ainhoa Larretxeak aurkeztu dau saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta izan dira epaileak.

Nafarroako finalistak, eta Beñat Astiz txapela jantzita (argazkia: Nafarroako Bertsozale Alkartea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu