Andoni Basterretxea: 'Lehengo modura gozetea da gure asmo bakarra'

Dabi Piedra 2022-05-23 08:03   Barriketan

Delirium Tremens taldeko kidea.

Delirium Tremens bueltan da, 30 urteko etenaren ostean. Kantu barriak dakarzan Hordago diskoa (Mauka Musikagintza) plazaratu dabe asteotan eta domekan, maiatzak 28, kontzertu jentetsua egingo dabe Barakaldoko BECen, Des-kontrol eta McOnak taldeakaz batera. Aurretik, Arantzan, Arrasaten eta Ondarroan izan dira, formatu txikiagoan. Ikusmin handia eragin dau Mutrikuko taldearen berragerpenak, 1991tik jo barik egon diralako.

Iñigo Muguruza zanaren omenaldia preparetako alkartu ziran barriro, eta orduan pentsau eben bueltau behar zirala. Haritz Harreguy produktore eta taldekide barria batu jake beti-betiko Juantxo Yurrita, Patxi Irisarri eta Andoni Basterretxeari. Delirium Tremensen zaleen artean ezaguna dan ahots ikonikoa Basterretxearena da eta, kontau deuskunez, taldearen aldi barri honetan orain dala 30 urteko estiloari eutsi deutse. Gozetea beste helburu barik, dana emoteko prest datoz.

1.- Hordago da zuen disko barriaren izena. Baina zuena bai hordago jotea, 30 urte eta gero barriro oholtza ganean...

Holan izan da, ez da erraza horrenbeste urte eta gero bueltetea. Batez be, kontuan izanda taldekideok ez genduala musika munduan segidu Delirium Tremens amaitu zanean. Uste dot pixka bat ausartak izan garela, bai, ze bueltau gara kontzertuak emoteko eta kanta barriak be sortu doguz.

2.- Hitzordu handia dozue hilaren 28an, BECen, baina aurretik jo dozue Arantzan, Ondarroan... Zelan ikusi dozue zeuen burua?

Oso ondo. BECeko hori guztia ederto dago, baina pentsau genduan aurretik bolo batzuk egin behar genduzala, ze urte asko daroaguz jo barik eta taldekide barria be badogu, Haritz. Hiru lekutan jo dogu orain arte, eta hobetzen goaz, gustura. Lehenengo kontzertua Arantzan izan zan eta primeran urten euskun, jentea pozik geratu zan. Hurrengo astean, Arrasateko Irati tabernan jo genduan, aurretik inori ezer esan barik. Han agertu ginan, gauza guztiak montau eta aurrera. Telefonotik hasi zan jentea lagunei abisua pasetan, Delirium han egoala joteko prest, eta hasi baino lehen tabernea lepo beteta egoan. Ondarroako Beikozinikoa be polita izan zan, ederra.

3.- Oholtzan izandako sensazinoak orain dala 30 urtekoen antzekoak dira ala desbardin bizi dozu oraingoa?

Egia esan, oso antzera. Batzuetan, emoten dau ez dirala pasau 30 urte. Gogoan dot, Iñigori omenaldia egiteko entseguak hasi genduzanean [2019an], lehenengo egunean, lokalera joan eta azken entsegua aurreko astean izan zala begitandu jatala. Eta 28 urte pasau ziran. Kontzertuetan ikusten dogu entzuleen edadeak gora egin dauela, gure lehenengo alditik ezagutzen gaituenak etorri dira batez be. Baina sensazinoak bardinak dira, urduri be ez naz jarten, nostalgiarik ez jat etorten, gustura egoten naz kontzertuetan.

4.- Zuek gustura, beraz. Zaleek be gogoz hartu dabe zuen bueltea?

Esango neuke baietz. Joten egon garen bitartean, jentearen jarrerea oso ona izan da kontzertu guztietan, saltoka, gozetan. Asko harritu nau, ganera, kontzertua amaitu eta gero, tragoren bat hartzen gagozala, zelan hurreratu jakun jente guztia, besarkadak emon nahian, eta eskerrak emoten. Zenbat zalek esan deuskuen eskerrik asko, zelako emozinoagaz, norberarentzat be animoa da halako berbak entzutea.

5.- Gazteak, Delirium Tremensen aurreko sasoia ezagutu ez ebenak, joan dira kontzertuetara? Erakarri dozue publiko barria?

Oraingoz, gitxi etorri jakuz. Beikozinin baegozan baten batzuk, baina Arantzan eta Arrasaten ez genduzan asko ikusi, ez. BECera, ostera, pilo bat gazte joango dira, antza. Ni harrituta geratu naz, Mutrikutik gazte asko joango diralako. Aurreko batean beste bi ezagutu nebazan, batek esan eban ni banihoak BECera, eta besteak erantzun neu be bai, eta pentsau neban, ño, ederto, ez neban halako jentea Delirium Tremensen publiko lez ikusten, flipauta geratu nintzan.

6.- Egia esan, BECen, edonor asetzeko moduko jaia atondu dozue, Des-kontrol eta McOnak taldeakaz batera. Zaleei zer emoteko asmoz urtengo dozue oholtzara?

Dakiguna eskainiko dogu, geurea ondo egitera urtengo dogu. Asmo arrarorik ez dogu, kontzertu potente bat egitea baino. Argiak be geure kontura atontzen gabiz, dana ondo egin behar da, jentea ahoa zabalik laga. Eta listo, hori da dana, rock and roll hutsa.

7.- Delirium Tremens barria zertan aldatu da orain dala 30 urtekoagaz konparauta?

Disko hau 1993an argitaratutakoa izan leiteke, trankil-trankil. Soinua Delirium da bete-betean. Egia da ahotsetan, soinuetan eta produkzinoan aldaketa pixka bat igarten dala, deitu modernoago edo gaurkoagoa. Haritzek kristoren lana egin dau horretan. Baina azken emoitzea entzun eta niri, behinik behin, betiko Delirium ekarten deust gogora, Delirium total.

8.- Eta zeri kantau deutsazue disko barrian? Ze 1990eko hamarkadearen hasieratik hona mundua be aldatu da...

Egia da, baina ez pentsau desbardintasun handirik dagoanik. Guk lehengo modura segitzen dogu, kantu bakotxa diferentea da, gai asko aitatzen doguz. Alde batetik, badagoz berba errazak dituen kantuak, zuzenak, bizkor ulertzeko modukoak. Adibidez, Hola, tio eta Aio. Azken honetan kontetan doguna erraza da, tabernan sartu eta mundua konpontzen hastearen modukoa da, mundu guztiak daki gauza guztiez. Hola, tio-k, ostera, aspaldiko lagun bi alkartzen diraneko momentua kontetan dau, bizimoduak bide desbardinetatik eroan ditu.

Badagoz gai sakonagoak be. Banoa kantuan etorkinen azalean sartzen ahalegindu gara, mundua euren begietatik zelan ikusten dan. Beste sentimendu batzuk sartu nahi izan doguz, kantu guztiak ez dira horren errazak ulertzeko. Bestetik, abesti batean, gugaz ez dagozanei keinua egiten deutsegu, denpora asko pasau da eta jentea falta da, Iñigo Muguruza eta beste batzuk.

9.- Ze leku bete leike Delirium Tremensek gaur egungo euskal musikagintzan?

Horrek ez deust asko inporta, ze gu ez gatoz leku baten bila. Iñigoren omenezko kontzertuaren kontura ilusinoa sartu jakun barriro, eta orduan pentsau genduan diskoa egitea, kontzertuak jotea... Baina prisa barik, lasai. Pandemiak be erdi-erdian atrapau gintuan. Lehengo modura oholtza ganean disfrutetea, hori da gure asmo bakarra.

Euskal musikearen inguruan be ezin dot gauza handirik esan, ze oraindino ez gara guztiz sartu mundu horretan, kontzertuak emoten hasi barri gara. Ganera, ez naz ni sekulako melomanoa, musikea asko gustau arren, ez naz ibilten kontzerturik kontzertu ea momentu bakotxean zelan dagoan euskal musikea. Lehen be bardin pasetan jatan, igual galdetzen eusten zelan ikusten dozu Euskal Herriko egoera musikala eta talde barriak?, eta nik beti bardin erantzuten neban: begira, ni Mutrikun bizi naz, ederto baten, lasai-lasai, eta toketan danean, furgonetea hartu, kontzertuak jo eta disfrutau egiten dot, eta listo.

10.- BECeko kontzertua mugarria izango da. Horren ostean zer dator?

Ia 30 urte eta gero barriro gatoz bueltan eta ez da izango kontzertu baterako bakarrik! Bai, segiduko dogu, badaukaguz kontzertu gehiago agendan, hiru gitxienez bai: bagilaren 17an Gasteizko Azkena Rocken, garagarrilaren 1ean EHZ-n eta 31n Hatortxu Rock. Horreek kontzertuak amaituta, gu merkaduan egongo gara, hitzordu gehiago adosteko prest.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu