Seaskak epaitegira jo dau baxoa euskeraz egin ahal izateko
2022-05-20 10:29 Euskerea berbagaiAdministrazino publikoaren kontra jo dabe ikastolek, adostutakoa ez dauelakoan bete.
Ipar Euskal Herriko ikastolen alkarteak, Seaskak, helegitea ipini dau Baionako Administrazino Auzitegian, unibersidadera sartzeko baxoa azterketako ahozko probea euskeraz egin ahal izateko eskubideagaitik. Seaskako presidente Peio Jorajuriak azaldu dauenez, Frantziako Hezkuntza Nazionalagaz adostu eben eskubide hori, baina gero administrazinoak ez dau agindutakoa bete.
Azkenengo asteotan, Seaskako zuzendaritzeak zein ikasleek behin baino gehiagotan salatu dabe baxoa eta brebeta euskeraz egiteko ezintasuna eta horrek dakarren kaltea, euskerearentzat ez eze, ikasleen ibilbide akademikoarentzat be. Izan be, ikasgaiak euskeraz landu eta gero, azterketa ofizialak frantsesez egitera behartuta dagoz. Herri Urratsen, Seaskakoek mobilizazinoei ekiteko asmoa aitatu eben.
Protesta eta desobedientziatik aparte, baina, orain bide judizialari heltzea be pentsau dabe ikastolek, administrazino publikoaren kontrako helegitea jarrita. Hizkuntza gitxituen kontrako polemiketan sarri agertu dan Michel Blanquer ministroak zuzentzen dauen Hezkuntza Ministerioak, Seaskaren arabera, baxoaren ahozko probea euskeraz egin ahal izatea hitzartu eban, EEPren berme eta guzti, baina ez dau esandakoa bete.
Adostutakoa ez betetea baxoaren erreformeagaitik dala esatea atxakia hutsa dala uste dabe Seaskakoek. Hortaz, epaitegiek ikastolei arrazoia emotea espero dabe, nahi daben Seaskako ikasle guztiek egin ahal izan deien ahozkoa euskeraz. Epaitegiak ez badau helegitea onartzen, ostera, hamarretik batek baino ez leuke izango euskeraz egiteko eskubidea.
Seguruenez, Seaskak laster izango dau erantzuna, Baionako Administrazino Epaitegia maiatzaren 23an hastekoa dalako helegitea aztertzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!