Badatoz Bilboko Harrapazank programako azken galak

Bizkaie! 2022-05-19 11:12   Euskerea berbagai

Bilborocken dira hitzorduak, hilaren 20an eta 21ean.

Bilboko gazteen artean sormena eta euskerazko aisialdia bultzatzen dituan Harrapazank programako lehiaketak momentu erabagigarrira heldu dira, barikuan eta zapatuan finalak izango diralako Bilborock aretoan. Udalak eta Topaguneak antolatzen dabe Harrapazank, eta gazteentzako proposamen interesgarriak egoten dira egitarauan urtero.

Urterik urte estimu handia dauen jardueretako bat Eszena izenekoa da, talentu lehiaketa formatua dauena. Euskal artisten eta profesionalen laguntzino eta guzti, 10 eta 18 urte arteko 115 gazte bilbotar ibili dira aurten euren sormena lantzen, euskerea bitarteko dala eta ondo pasetea helburu.

Eszena lehiaketako senior mailako finala, hau da, nagusiena (14-18 urte), barikuan, hilak 20, izango da, 18:00etan. Junior mailakoena (10-13 urte) zapatuan da, ordu berean. Gala bietan 20 finalistak erakutsiko dabe euren talentua. Unai Goikoleak aurkeztuko ditu galak eta Maren kantariak eta Imanol Suso malabaristeak be parte hartuko dabe.

Kategoria bakotxean hiru sari egongo dira: lehenengoek 500 euroko bonua eroango dabe, bigarrenek 300 eurokoa eta hirugarrenek 200ekoa. Iholdi Beristain, Jon Casamayor, Karmele Larrinaga eta Betitxe Saitua dagoz epaimahaian. Publikoaren Sari berezia be egongo da, 200 euroko beste bonu bat. Azkenik, Go!azen saioko hautaprobetan parte hartzeko eskubidea irabaziko dau talde edo bakarlarietako batek.

Bestetik, Klikazank txapelketako finala zapatu goizean, 11:30ean, jokatuko da, Bilborocken bertan. Rocket league bideojokoan oinarritutako lehiaketea da. Irabazleari 150 euroko bonua emongo deutse eta bigarrenari, 50 eurokoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu