Rafa Sardina produktore musikalari emongo deutse 2022ko Hegaluze Saria

Bizkaie! 2022-05-19 09:49   Musikea

18 Grammy Sari irabazi ditu Ameriketan bizi dan bermeotarrak.

Musikearen alorrean nazinoarteko ibilbide oparoa dau Rafa Sardina bermeotarrak, produkzino musikalean eta grabazino injinerutzan maisua dalako. Artista ospetsuakaz egin dau lan eta sari ugari irabazi ditu, besteak beste, 18 Grammy. Hori dala eta, Bermeoko Udalak eta herriak omenaldia egingo deutse Arrain Azokearen barruan, 25. Hegaluze Saria emonda.

Maiatzaren 20an, barikuan, egingo dabe Hegaluze Saria emoteko ekitaldia. Ameriketako Estadu Batuetan bizi danez, Kalifornian, Rafa Sardina ez da Bermeora etorriko oroigarria hartzen, baina internet bidezko zuzeneko konexinoa egingo dau herrikideei eskerrak emoteko. 

Hegaluze Sariko epaimahaiaren arabera, Sardinak musikearen munduan egin dauen ibilbide profesional bikaina nabarmentzeko modukoa da, 18 Grammyek adierazoten dabenez. Euren proiektuetan bermeotarraren talentua eta profesionaltasuna erabili dabe munduko artista ospetsuenek: Stevie Wonder, Camila Cabello, John Legend, Lady Gaga, Michael Jackson, Placido Domingo, Celine Dion, Rachel Platten, Mariah Carey, Shakira, Luis Miguel, Paco de Lucía, Sheryl Crow, Beyonce eta beste askok.

Ganera, jaioterritik urrun urte asko egin dituan arren, bermeotartasuna harrotasun handiz bizi dau. Bermeotik mundura! esaldiaren adibiderik esanguratsuenetako bat da Sardina, epaimahaikoen ustez.

Rafael Sardina 1968an jaio zan Bermeon. Txikitatik izan da musikazalea, baina, bitxia bada be, Medikuntza ikasketak egiten hasi zan, baita lau ikasturte amaitu be. Ondoren, baina, betiko zaletasuna ogibide bihurtzea erabagi eta musikan hasi zan bete-betean. Folk eta jazz jaialdietan lan bikaina egin ebanez, Estadu Batuetara joateko eskaintzea jaso eban.

Full Sail Unibersidadean musikeagaz lotutako ikasketak osotuta, Hollywoodeko Ocean Way Recording Studios-en eta Los Angeleseko Record One Studios-en hasi zan, grabazino injineru eta produktore. Pop, rock eta R&B proiektuetan lan egiteagaitik ezaguna dan arren, beste genero askotan be grabaketak eta nahasketak egin ditu: orkestrak, jantzea, gospela, soula, rapa, film eta telesailen soinu bandak…

Hegaluze Saria emoteko ekitaldia Bermeoko 28. Arrain Azokearen lehenengo egunagaz batera dator. Pandemia atzean itxita, betiko formatuan egingo dabe, ekitaldi eta ospakizunez beteta, aurten gastronomia gai nagusi dala.

Maiatzaren 22ra arte, berbaldiak, tailerrak, dastaketak, bisitaldiak eta kirola egongo dira Arrain Azokan. Bermeoren historian eta gizartean horrenbesteko garrantzia daben arrantzaleak gogoan hartuko ditue, baita itsasoagaz lotutako beste lanbide batzuk be, adibidez, konserberak.

Irakurri egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu