Ariguneak ugaldu gura ditue hirugarren Euskaraldian
2022-05-18 13:22 Euskerea berbagaiAriguneak osotu eta izena emoteko epea zabaldu da.
Euskeraz lasai berba egiteko guneak sortzeko deia egin deutse era guztietako erakundeei Euskaraldiaren atontzaileek. Aurtengo udagoienean egingo dan ekimenaren hirugarren edizinoak, barriro be, ariguneak izango ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziakaz batera. 2020an egindako bigarren edizinoan lez,
erakundeek parte hartzeko aukerea izango dabe eta berauen funtzino nagusia euskeraz lasai egiteko lekuak sortzea izango da. Pandemia betean milaka erakundek ariguneak sortu ondoren, euskerarako espazio barriak sortu eta ariguneak indartzeko helburua dabe, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, alkarte, fundazino, klub, talde eta era guztietako erakunde antolatuei egin jake, beste behin be.
Gaurtik aurrera zabalik dago erakundeek Euskaraldian parte hartzeko aukerea. Euskaraldiko atontzaileek eta aurreko edizinoan ariguneak sortu zituen zenbait eragilek, gaur goizean, Gasteizen egindako agerraldian aurkeztu dabe erakundeen izen-emotearen edegierea. Euskaraldiaren bigarren edizinoan ariguneak sortu eta izena emon eben erakundeek euren parte hartzea berretsi beharko dabe ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean; lehenengoz izena emongo dabenek be helbide hori erabili ahal izango dabe izena emon eta arigune kopurua zehazteko. Aurten izen-emote prozesua erraztu dabela azpimarratu dabe atontzaileek eta aurretik prozesua egin dabenek be erraz berretsi ahal izango dabela parte hartzea.
Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskerazko praktika linguistikoen areagotzean daben garrantzia azpimarratu dabe Euskaraldiaren atonketan parte hartzen daben erakundeetako ordezkariek. Euskerea erabilteko gune babestuak izateak erabilerea errazten dauela nabarmendu da aurreko edizinoetako balorazino eta ikerketetan. Horregaitik, ariguneak sortu, zabaldu eta identifiketan jarraitzea lehentasuna izango da Euskaraldian.
2020an egin zan Euskaraldiaren bigarren edizinoan parte hartu eben erakundeen artean esperientzia eredugarriak egon zirala azaldu dabe ekimenaren sustatzaileek. Covid19- aren eraginez baldintzak errazak izan ez arren, hainbat erakunde, enpresa eta alkartek ariguneak sortu eta urrats garrantzitsuak emon zituen.
Aurtengo edizinoan esperientzia horreek eta hainbat erakundek izandako lorpenak beste batzuentzat baliogarri izan daitekezala azaldu dabe; esangura horretan, esperientzia horreek zabaltzeko ahalegina egingo dau Euskaraldiaren koordinazino mahaiak.
Euskaraldia urrats eta lorpen ugariren gehiketea izan da aurreko edizinoetan. Hirugarren edizinoan be proposamen hori egingo jake parte hartuko daben erakunde eta herritarrei: euskerearen erabilerea ugaldu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronkak hartzea. Erronka horreen guztiak gogoan hartuta gizartean aldaketak eragitea da atontzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea.
Azkenik, Euskaraldia sei hilebete barru egingo dala gogoratu dau ekimenaren koordinatzaileak: 2022ko zemendiaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da hirugarren edizinoa. Era berean, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emoteko edo parte hartzea berresteko aukerea izango dabela.
Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Osatek, Gaztedi Errugbi Taldea, Oreka IT, Albaitaritza S.A., Medicus Mundi Bizkaia eta
Mondragon Eskola Politeknikoa erakundeetako ordezkariek. Agerraldian egon dira, era berean, Gasteizko alkateorde eta euskera zinegotzi Iñaki Gurtubai, Arabako Foru Aldundiko Euskera eta Gobernu Edegiaren zuzendari Lexuri Ugarte eta GEU euskera alkartea zein Gasteizko Euskaraldia batzordeko ordezkariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!