Ikus-entzunezkoen Lege barrian euskerea kontuan hartzea eskatu dabe

Bizkaie! 2022-05-18 08:44   Euskerea berbagai

Kontseilua, Topagunea eta Tokikom, besteak beste, agertu dira horren alde.

Alex Aginagalde eta Paul Bilbao, Donostian (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eguenean Espainiako Kongresuan eztabaidatzen hasiko diran legeak ardurea eragin dau euskalgintzako eragileen artean. Izan be, Ikus-entzunezkoen Lege barria diseinau nahi dabe Espainian, eta euskerea be kontuan hartu daitela eskatu dabe euskalgintzakoek. Horretarako, agerraldia egin dabe Donostian.

Ekitaldian izan dira Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Iban Arantzabal Tokikomeko presidentea, Igor Astibia Hekimeneko koordinatzailea, Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko bozeroalea eta Paul Bilbao Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusia.

Lege barriak euskerearen eta hizkuntza gitxituen bizibarritzean izango dauen eragina azpimarratu dabe agerraldian, eta, horregaitik, uste dabe beharrezkoa dala euskereari gitxieneko presentzia duina emoteko neurriak batzea arau horren barruan.

Eskubideen bermeaz berbetan gabiz, baina horrezaz gan, beharra dago eta herritarrak eskatzen dabiz, adierazo dau Alex Aginagaldek.Kontuan izan behar da, 2020an aurkeztutako lehenengo zirriborroan, lege barriaren proiektuak euskerea ia aitatu be ez ebala egiten. Euskalgintzako eragile ugarik ekarpen bateratua egin eutsen egitasmo hari.

Dana dala, igazko zemendian lege-proiektua Espainiako Kongresura heldu zanean, hizkuntza gitxituen alorrean aldaketa esanguratsurik ez zala egin salatu eben euskalgintzako kideek, baina, alderdi politiko batzuen lankidetzeari esker, hizkuntza gitxituen aldeko taldeen zuzenketa gehienak onartu ziran. Guk egindako ekarpenak jasota dagozala esan leiteke. Horrek ez dau esan nahi legeak jasoko dituanik, zehaztu dau Paul Bilbaok.

Ganera, kontuan hartuta lege barriak hurrengo urteetako eskaintzea zeharo baldintzatuko dauela, eskaerea modu osoagoan egitea beharrezkoa dala uste dau Bilbaok. Hainbat proposamen zehatz egin ditue, beraz, euskalgintzako eragileek:

- Aldez aurreko finantzazinoari jagokonez, hizkuntza gitxitu bakotxari gitxienez % 8 emotea. Katalogo orokorrean berezko hizkuntza gitxituei % 40 egokituko jake.

- Diru publikoz egindako lanetan euskerazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartea, horretarako erakunde publikoek behar diran erraztasunak emonda.

- Telebista publikoetan gitxieneko kuotak ezartea, informatibo territorialak bertako hizkuntza ofizialean egitea eta Clan TVko edukiak bikoiztea.

- Plataformetako menuak euskeraz be jartea.

- Geolokalizazino bitartez euskerazko edukiak nabarmentzea.

- Autonomia erkidegoek legea garatzeko eta euren hizkuntza ofizialak sustatzeko betekizun barriak sartzeko aukerea izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu