Hamar talde eta artistari autortzea Musika Bulegoa Sarietan

Bizkaie! 2022-05-18 08:11   Musikea

Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21.

Saritu guztiak, BECeko oholtzan (argazkia: Musika Bulegoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barakaldoko BEC erakustazokan emon ditue VI. Musika Bulegoa Sariak, euskal musika eta sorkuntza barritzaileenaren erakusgarri izan dan ekitaldian. Aurreko urte bietako murrizketak alboratuta, betiko formatura bueltau da saioa, sarituak eta publikoa bertan dirala.

Euskal Herriko Musika Bulegoak emoten ditu sariok, aurreko urteko lan musikalik esanguratsuenei autortzea egiteko. Ehun hautagai baino gehiago izan dira aurtengo ekitaldian, eta Barakaldoko galan hamar saritu ditue. Aurkeztutako hautagaien artean, % 59k euskerea erabilten dabe euren lanetan.

Zortzi sari arruntak izan dira, hau da, 2021ean plazaratutako disko eta proiektuei emondakoak: Amak, Chill Mafia, Ether Ensemble, Ramon Lazkano, Gaur, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Verde Prato.

Beste sarietako bat, Etxepare Euskal Institutuagaz lankidetzan, Euskal Herritik kanpo geure kulturea eta musikea zabaltzeagaitik emon deutse Trio Zukan egitasmoari. 2.000 euro eta Fernando Mikelarenaren eskulturea jaso ditue zortzi saritu arruntek eta Trio Zukanek.

Azkenik, Motxila 21 taldeak Musika Bulegoa Sari Berezia irabazi dau, musikatik harago doazan balioak zabaltzeagaitik. Proiektu horrek lantzen dauen alkartasuna nabarmendu dabe sarien antolatzaileek eta eredugarritzat jo.

Sariak nori emon ebatzi dauen epaimahaian euskal musikearen sektoreko alor guztietako ordezkariak izan dira. Musikariez eurez gan, kazetariek, programatzaileek, kulturgileek eta hezkuntzako profesionalek hartzen dabe parte bertan. 2021a urte gatxa izan dan arren, kalidade eta kantidade handia ekarri dau euskal musikeak eta ez da erraza izan erabagia hartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu