Bildurrari aurre egin eta espazioak eregiten segiduko dabela dino EHGAMek
2022-05-17 08:31 Pil-pileanLGTBIfobiaren kontrako Nazinoarteko Egunean oharra plazaratu dau.
Azken egunotan Bilbon ezagutu doguzan hilketek ezinegona eragin dabe gizartean, baina, EHGAMek salatu dauenez, LGTBI kolektiboa eta bertako kideen jarduna kriminalizau eta estigmatizetako be aprobetxau dabe batzuek. Gizartearen jokera homofoboak be agirian geratu dirala uste dau mobimenduak. Gaur, maiatzaren 17a, LGTBIfobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna danez, horren guztiaren inguruko oharra plazaratu dau.
Komunikabide batzuek zabaldutako morboaz gan, LGTBI kolektiboak modu libre eta seguruan bizi izateko dituan trabak salatu ditu EHGAMek testuan. Batetik, bildurrean eta shock doktrina amaibakoan egotera kondenau dituela dino eta, bestetik, erasotzailea barik, biktimak estigmatizetako aprobetxau dabela askok azken asteotako informazinoa.
Zehatzago, praktika sexual jakin batzuen kontra zabaldu dan eretxia txarretsi dau EHGAMek. Hau da, homosexual, bisexual, transexual eta abarrek hartu-emon sexualak izateko erabilten dituen bideak, adibidez internet bidezkoak, zalantzan jarri dira. EHGAMek ohartarazo dau, baina, arazoa ez dala hartu-emonak izateko bitartekoa, LGTBI kolektibokoa izatea bera dala arriskutsua.
Azkenaldiko hilketen arrazoia homofobia danik be ez da ziurra, baina gizarteko egitura homofoboek erasoak errazten dituela garbi dagoala ganeratu dau EHGAMen oharrak: Jentarte homofobo honen barruan baino ezin da ulertu geure hainbat kidek ezkutuan eta erdi-klandestinidadean egin behar izatea sexu praktika batzuk. Armarizatuak dagozan kideak, trans personok… geure sexualidadea modu librean gozetako zailtasunak edo ezintasunak doguz, bizi dogun gizartea LGBTIfobikoa dalako.
Hartara, erlazino libre eta sanoak izatea ia ezinezkoa da kolektiboko kideentzat. Diskurso atzerakoiak zabaldu ahala, ganera, gero eta eraso gehiago sufriduten dabiz kolektibo baztertuenak, LGTBI izan zein pobre, etorkin...
Hortaz, EHGAMek dino ondo antolatzea eta alkar jagotea dala bidea. Geure bizipenek, geure praktikek, geure maitasunek eta geure identidadeek lekua, espazioa izan behar dabe, eta leku hori hartu egingo dogu, herriz herri eta auzoz auzo. Gizarteari bat egiteko deia egin deutse, LGTBIfobiaren kontra egitea danon ardurea dalako.
Azkenik, oharrean EHGAMek mezu positiboa emon dau: indarkeriaz inguratuta bizi arren, gizarte zisheteropatriarkalean, horrek ez ditu kikilduko, bildurrari aurre egin eta espazioak eregiten segiduko dabe. Geure bizitzak garatzen, gozetan eta konpartiduten jarraituko dogu; lekuak
eta espazioak konkistau eta eregiten.
LGTBIfobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna dala eta, ekitaldi ugari egingo dira gaur, martitzena. Bilbon, Arriaga plazan kontzentrazinoa egingo dabe, 20:00etan. EHGAMek bertara joateko deia egin dau, eta kalera urteteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!