LGTBIfobiaren Kontrako Egunagaz bat egin dau Bilbok

Bizkaie! 2022-05-16 07:50   Pil-pilean

Prebentzinoa eta sensibilizazinoa landuko ditu Udalak kanpaina baten.

Maiatzaren 17an, martitzenean, izango da Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna, hau da, LGTBI+ kolektiboak sufriduten dauen diskriminazinoaren kontrakoa. Horregaz bat eginez, Bilboko Udalak kanpaina berezia atondu dau, herritarrak sensibilizau eta kontzientzietako asmoz.

Sexu aniztasunaren eta LGTBI+ kolektiboaren kontrako fobia munduan gehien zabalduenetako bat dala azaldu dau Udalak, eta horregaitik jo dau beharrezkotzat kanpaineari ekitea. Kartelak plazaratu ditu, gorri kolorekoak, herritarren arretea erakarteko. Bertan nabarmentzen da sexu aniztasuna giza eskubidea dala eta LGTBIfobia ez dala kontu kultural bat, sekula be ez dauela lekurik gizartean.

Kanpainea euskarri fisikoen zein digitalen bidez zabalduko dabe. Besteak beste, uri-altzarietan, Udalaren webgunean eta sare sozialetan ikusi ahal izango dogu.

Bereizkeriarik eta indarkeriarik bako Bilbo eregiteko asmoaren barruan sartu dau Udalak kanpaina hau. Horretarako, benetako bardintasuna beharrezkoa da, aurreretxirik bakoa. LGTBIfobia txarresteko  konpromiso aktiboa, indibiduala eta kolektiboa hartzeko deia egin dau. Nazinoarteko Egun hau dala-eta urian antolatzen diran mobilizazio, kanpaina eta gainerako aldarrikapen-jardueretan parte hartzera animau ditu Udalak herritarrak.

Nekane Alonso zinegotziak adierazo dauenez, alkarbizitza aske eta seguruaren aldeko apustua egiten dogu, errespetuan, tolerantzian eta aniztasunean oinarrituta. Uriko LGTBIQ+ kolektiboen alkarlana eta aktibismoa txalotu ditu, gizarte bidezkoago, errespetuzkoago eta integratzaileagoa helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu