Onintza Enbeita: 'Bertsolaritzea bide ederra da'

Koldo Isusi Zuazo 2022-05-16 08:00   Barriketan

Muxikarra, enbeitatarra, bertsolari saritua (Bizkaiko Txapeldun, 2018. urtean), Euskal Herriko Txapelketa Nagusian ibilitakoa, feministea, Gernikako plazan saltzaile, kazetaria, hedabide askotan ibilitakoa, baita Bizkaie! agerkarian be, gaur egun Berrian zutabegile, Amaiur-EHBilduren izenean Madrileko Kongresuan
lau urte egindakoa eta flamenkozale amorratua.

Bertsogintzan emakumeen presentzia nabarmentzeko jarduera eta enparauen gainean berba egiteko bertsolaritzaz asko dakianarengana jo dogu, Onintza Enbeitarengana, hain zuzen be.

1.- Nor da Onintza Enbeita? Zertan zabiz orain?

[Barreka] Galdera potoloa eta zer esango deutsut ba, enbeitatarra naz, bertsolaria, 2028an Bizkaiko Txapelketea irabazitakoa, kazetaria, zutabegilea, kongresuan diputadu baina berba bakarra ezin neike erabili, arlo danatan gustora nabil baina behargin arrunta naz, beste edozeinen moduan, jagi eta Labayrura joaten naz eta arratsaldetan ortuan be ibilten naz, artikulu batzuk idatzi, bertsotan be ibilten naz.

2.- Bizkaiko Txapelketea irabazteak bete eban txapelketaren bat irabazteko zeunkan gosea? Aititek be irabazi eban Bizkaiko Txapelketea...

Bai. Aitite Balentin beti gogoan, 1958. urtean irabazi eban, gerra osteko lehenengoa izan zan eta 60 urte aurrerago irabazi neban neuk, Bizkaiko lehenengo emakume txapelduna, historiak alkarren ondoan jarri gaitu eta hori ederra da. Txapela irabaztea norberaren lanaren emoitzea da eta ez dot sekula ahaztuko ha
momentua.

3.- Maialen Lujanbio Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo emakume irabazlea izateak ze gogoeta eragiten deutsu?

Pozgarria izan zan eta emakumeek holako txapelketea irabazteak ikusgarritasuna dakar, emakumeak be kapaz garela txapelak irabazteko eta beste edozein arlotan burua erakusteko. Azken 25 urteotan emakumeak gogor gabiz eta txapelketeak dakarren indarra ondo dago baina horra heltzeko beharrean ibili gara sendo, holako egitatea ez dator egun batetik bestera, lanketa handia behar da txapela irabazteko, txapelketetan beti dago presinoa, Barakaldon milazak personen aurrean kantetea ez da bromea eta horri eustea ez dago edozeinen esku; gainera ez bagenduzan trabak izango emakume izateagaitik egoerea bestelakoa izango zan, bidean ez ziran horrenbeste emakume galduko.

Bizkaitarron artean, Nerea Ibarzabal, Bizkaiko azken txapeldunaren indarra, estiloa eta pasinoa nabarmendu gura dodaz eta, zelan ez, Jone Uria 2. bizkaitarra izan zalako.

4.- Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian final laurenetan eta semifinaletan be sartu zara baina zein izan daiteke arrazoia gorago ez sartzeko? Aurtengoa azkena izan daiteke?

[Barreka] Gorago ez egiteko arrazoia ez dago jakiterik, beti zoaz gai, hiztegi, errima, doinu, doinuera eta holakoak ondo ikasita baina badakizu, erispide asko pilotuten dira, batek gauza bat esan, besteak bestea, epaileak be hor dagoz eta momentu bakotxean bertsolariaren mailea zein dan asmetea ez da erraza.

Txapelketa Nagusiari jagokonez, 2009. urtean nahikoa polito ibili nintzan, bigarren bueltan be sartu eta uste dot hori izan zala momentua; aurrerago 2015. urtean, politikan Madrilen nengoan eta ezin izan neban parte hartu, ez neban izan astirik holako txapelketa bat preparetako eta hor geratu zan kontua. Etxeko lanak eginda, aurten banoa irailaren 24an Getxon hasiko dan horretara eta badakit txapela irabaztea sano gatxa dala baina gogoa eta ilusinoa ez jataz faltauko.

Txapelketak ederrak dira baina gogorrak be bai eta Bizkaiko bertsolariok darabilgun gaia da igaz Bizkaikoa eta aurten Txapelketa Nagusia datorrela eta horrek estres handia eragiten deusku, lehia horretan sartzea oso gogorra da baina badakigu jakin, zeozer gura dauenak indar handiz ekin behar deutsola eta, ganera, injustiziak be egoten dira, jente ona bidean geratzen da, irabazten dauenak azkena geratu dana estimadu dauela eta holako egoerak ez ditu erraz barruratzen.

Edadea be inportantea da, esan gura dot, belaunaldi ezbardinak gagoz kantetan eta hori igarri egiten da, Etxahun Lekue eta biok edade berekoak gara eta 25 urte daroaguz plazan eta herrietatik deitzen deuskuenean, ez da izaten txapelketetan emoten dogun maileagaitik, badakie ondo zer emon geinken. Jakinaren gainean gagoz eta 40 urtetik gora daukazuzanean, gauzak pentsetan hasten zara eta hau izango ete dan azkena dinostazunean, ez deutsut argi esango baina nork jakin...

Enbeitatarra izatea be presinoa da ze ganerako bertsolarien artean, bertsoak epaitzeko beste modu batzuk dagoz. Norbera nor dan, nondik datorren eta holakoak danok baloretan doguz eta kanpotik zein geuk geure buruari ezartzen deutsaguna be hor dago. Txapela irabazita bazagoz, esan leikie goia jo dozula eta ez daukazula aukerarik barriro irabazteko. Belaunaldi aldaketea dago, gazteak indartsu datoz eta hori danok dakigu. Zorionez, urteotan ibili gara beharrean eta emakumeok maila ederra emoten dogu plazetan.

5.- Jon Maiak oraintsu esan dau Txapelketa Nagusiari agur dinotsola baina euskerea eta bertsogintzea ez dituala baztertuko. Zelan hartu dozu Jonen erabagia?

Ez neban ezustean hartu. Maia danok ezagutzen dogu, egin dau egin beharrekoa eta maileari eusteko kapaz izan arren, fasea bete eta orain beste saltsa batzuetan dabil eta jentearen erantzun bikainagaz. Bizitzan, bai bertsotan zein beste arlo batzuetan norberak daki zikloak noiz amaitzen diran eta balorau behar dozu Txapelketa Nagusiak zer eskatzen deutsun.

6.- Emakumeak oso indartsu zabizie bertsotan eta oraintsu Hernandorena saria irabazi dauen Ekhiñe Zapiain Arlegi nabarmenduko deutsut baina geurera etorrita, Jone Uria, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza hor dagoz, baita zeu be. Bidea eginda dago ala hasi baino ez da egin emakumeen iraultzea?

Asko egin dogu baina asko falta da gizon eta emakumeon arteko bardintasuna lortzeko. Orain urte batzuk burukomin handiak geunkazan, noiz arte bertsotan, zergaitik, zertarako eta holako galderak ziran nagusi eta orain esaten dogu gure jaia orain hasi dala eta ez goazela inora, bertsoan hasi ginanean, neska bakarrak ginan eta momentu txarrak pasau genduzan, maskulinoak ziran klabeak ahaztu eta geureak erakutsi doguz, inor zapaldu barik. Esateko gauza asko daukaguz eta gazteakaz batera kantetan dodanean jaubetzen naz zorionez horreek geuk baino konpleju eta bildur gitxiagoagaz dabizela. Iraultzea orain hasi da.

7.- Makinatxu bat saio atondu ditue azken aldion, emakumea tartean dala: horreetako bat Amaraun, amatasuna, musikea, gorputza, ahotsa eta antzerkia buztartzen dituan ikuskizuna... 

Ederra. Amaraunen kasuan, amatasuna bertsotan zelan tratau dan orain arte eta ze erronka dagoan jorratzen da. Gizonen artean emakumearen sakralizazinoa egon da eta amatasunaz berbetan andrak etorri diranean, kontraesana edo sortu da, edadeko publikoak eta gazteek ez ditue gai honeek bardin ikusten baina gure gizartean arlo askotan izaten dira holako jarrerak. Oihana Iguaran eta Amaiur Luluaga dabiz hor eta lan bikaina egin dabe.

8.- II. Señora Sariketea be martxan dabil. Igaz zeu be ibili zinan. Zein da sariketearen helburua?

Oso gustora ibili nintzan, señora izena bera egokia begitandu jatan eta konpleju barik ibilteko sasoian gagoz. Helburua da bertsotan dabilen emakumea bistaratzea, jenteari erakutsi badagozala andra asko bertsotan eta ez garela lotsatu behar. Berrogei urtetik gorako emakume gitxi gagoz, orain arte gitxiago izan dira eta gizonaren bizitzearen zikloak plazan ikusi doguzan moduan orain emakumeen bizitza zikloak ikusiko doguz plazan.

Aurten, gainera, gizonak be entzungo doguz, gaur arteko diskursoak eta jarrerak aldatzen doazela erakusteko.

9.- Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen I. Topaketea maiatzaren 22an hasiko da. Baegoan holako topaketa bat egiteko beharrizana? Zeintzuk dira topaketearen berezitasunak?

Bai. Maila kolektiboan ez dakit jenteak zelan hartuko dauen. Nik uste dot orain hogei bat urte bertsotan ibilitako androk hasi ginan berbetan eta guri txarto pasau eragin deuskuen anekdota eta holakoak ez zirala puntualak nabarmentzen genduan, kolektiboak baino. Inportantea da belaunaldi diferenteetako
bertsolariak batu eta bihar-etzirako erronkak zehaztea.

10.- Bizkaiko Bertsozalen zuzendaritza taldean zabiz. Ze erronka, ze idea darabilzue buruan bueltaka?

Bai. Oraintsu hasitakoa naz baina pentsetan dot transmisinoa dala erronka nagusienetakoa. Transmisino horretan erakutsi beharko dogu bertsolaritzea ez dala gizonezkoen kontua, emakumeean be bada. Bertsolaritzeak belaunaldiz belaunaldi aldaketak biziko ditu eta horreek danak ezagutarazotea ez da lan makala izango. Bertsolaritzea bide ederra da esperientzia onak eta txarrak balantzan ipinita, gozau egin dogu eta onak izan dira gehiago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu