Musikenek 20 urte bete ditu

Bizkaie! 2022-05-13 13:29   Musikea

Musika Ikastegiak 417 ikasle ditu 2021-2022 ikasturtean.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuagaz batera, 2021-2022 ikasturte honetan hogeigarren urteurrena beteten dauen Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren Donostiako egoitzea bisitau dau gaur goizean. Horreekaz batera, Adolfo Morais Unibersidade eta Ikerketa sailburuordea eta Miren Artaraz Unibersidade Politika eta Koordinazinoko zuzendaria be bisitan izan dira.

Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak eta Juan Mari Juaristi zuzendari kudeatzailea gidari zituela, 2016ko irailetik Musikenek Donostiako Europa plazan, unibersidade-campusean dauen eraikinaren instalazinoetan ibili dira agintariak.

417 ikasle

Musikenek gaur egun graduko lau titulazino (Konposizinoa; Interpretazinoa; Zuzendaritzea eta Pedagogia) eta bost master ofizial eskaintzen ditu. 2021-2022 ikasturte honetan 417 ikasle dagoz Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian: graduko 312 ikasle eta master eta graduondoko 105 ikasle dira. Horreen guztien prestakuntzaz 14 nazionalidadetako 163 irakasle arduratzen dira.

Zabalik daroazan hamarkada bi honeetan Musikenen titulazinoa lortu daben 35 nazionalidadetako 1.263 ikasleak dira ikastegiak musikako goi-mailako irakaskuntzan egiten dauen prestakuntza-lan bikainaren berme. Horreetako askok, gaur egun, Euskadiko orkestra nagusi bitan dabiz modu profesionalean (Euskadiko Orkestrea eta BOS) edo baita Estaduko eta Europako orkestratan be. Ikasle ohien beste zati handi batek euskal konserbatorioetan eta musika-eskoletan irakastea erabagi dau. Hori balio handikoa da etorkizuneko musikarien prestakuntzeari eta kultura-transmisinoari jagokonez eta, gainera, jarraipena emoten deutso Euskal Autonomia Erkidegoko musika-tradizino handiari.

Musikenek lankidetza oparoa dau Euskadiko kultura eta gizarte-eragileakaz eta eragile aktiboa da gure herriko kultura-panoraman eta musika-ekosisteman. Horren erakusgarri da, Musikenek 294 kontzertu eta jarduera atondu dituala aurten eta, urtero, bertako ikasleek 60 kontzertu emoten dituela batez beste
Musikeneren egoitzatik kanpo, parte hartzen daben hainbat ziklotan.

Musikeneko Orkestra Sinfonikoak eta Big Band-ek gaur goizean azken probak egin ditue astegoieneko kontzertuak preparetako.

Orkestran edo Big Band-en parte hartzea Musikeneko ikasleen prestakuntza-ibilbidearen zati garrantzitsua da. 75 ikasle dagoz Orkestran eta beste 25 dira Big Band-en. Talde bakotxak hiru kontzertu eskaintzen ditu ikasturtean zehar, betibe izen handiko zuzendari gonbidatuen gidaritzapean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu