Ugutz Robles-Arangiz kulturgilea hil da

Bizkaie! 2022-05-13 09:15   Kulturea

Antzerkian, kantuan, umorean eta ekintzailetzan ibili zan, besteak beste.

Robles-Arangiz familia ezaguneko kidea zan Ugutz Robles-Arangiz, eta senide askoren moduan, berak be oholtzak zapaldu zituan sarri, euskerea eta euskal kulturea lantzeko asmoz. Esate baterako, kantuan, jantzan, antzerkigintzan eta txisteak kontetan ibili zan gaztetatik oraintsu arte. 83 urtegaz hil da, Beskoitzen.

Manu Robles-Arangiz ELA sindikatuko buruaren semea izanik, Lapurdiko Bidarte herrian jaio zan, 1939an, familiak gerratik eta espainiarren errepresinotik iges egiteko aukeratutako bizilekuan. Umezaroa Lapurdin pasau eta gero, 1952an Bilbora bueltau ziran Robles-Arangiztarrak. Orduan hasi zan kulturearen alor ugaritan ekarpentxuak egiten, bardin pinturan zein jantzan edo antzerkian. Olaeta konpainia ezaguneko kidea izan zan.

1960ko hamarkadearen hasieran barriro jo eban Lapurdira, baina horrek ez eban Ugutz Robles-Arangizen kultur sormena eten. Han hasi zan Beskoiztarrak taldean, eta Telesforo Monzonegaz be lankidetzan ibili zan, euskal antzerkigintzearen loraldi bete-betean. Euskal Kantagintza Barriaren barruan, Zazpiribai proiektuan hartu eban parte.

Beskoitzen bizi izan zan luzaroan, eta hango ikastolea sortzen lagundu eban. Jatetxe bat be edegi eban. Oholtzak ez zituan itxi, eta kantuan, jantzan eta umoregintzan entzun genduan sarri, herririk herri zein telebistan. Ugutz Robles-Arangizek egin zituan jarduera guztietan oinarritzat hartu zituan euskerea, abertzaletasuna eta pakea.

Naia Robles-Arangiz abeslari eta Ugutzen lobeak emon dau heriotzearen barri. Bidelagun izan zituan eragile ugarik hartu dabe gogoan haren ekarpen zabala: EKE-k, Beskoitzeko Ikastolak, abeslariek, jantzariek...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu