Maiatzaren 29an Ibilaldira joateko deia zabaldu dau Abusu Ikastoleak

Dabi Piedra 2022-05-11 12:27   Euskerea berbagai

Lau kilometroko ibilbidea atondu dabe, eta jente guztiarentzako pilo bat jarduera.

Zunbeltz Fullaondo, Zaloa Aldatz eta Josune BaƱales | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaian, pandemiaren osteko lehenengo jai handia izango da Ibilaldiaren 2022ko edizinoa, Abusu Ikastolako arduradunek azpimarratu dabenez. Hortaz, maiatzaren 29an Bilbo eta Arrigorriagako Abusu auzora hurreratuko diran milaka eta milaka lagunei harrerea egiteko prest dagoz, Erro, harri, har lemapean. Auzoko taldeakaz lankidetzan, egitarau potoloa atondu dabe, eta lau kilometroko ibilbideak inguruko kale, parke eta naturguneak zeharkatuko ditu.

Aurtengo edizinoaren nondik norakoak azaltzeko agerraldian, Bilbon, Ikastolen Alkarteko Josune Bañalesegaz batera, Abusu Ikastolako gerente Zaloa Aldatz eta zuzendari pedagogiko Zunbeltz Fullaondo egon dira. Urte gogorra izan dala autortu dau Aldatzek, Ibilaldiagaz lotutako jarduera asko bertan behera itxi behar izan dituelako, pandemiagaitik, baina azkenaldion egoereak hobera egin dauenez, jaia bete-betean ospatzeko gogoz dagoz.

Lau gune izango ditu 2022ko Ibilaldiak: Ikastolan, Ibaieder parkean (Erro izenekoa), Ollargan parkean (Harri) eta Montefuerten (Har). Egitarauko jarduerak antolatzeko orduan, auzoko alkarteak kontuan hartu dituela nabarmendu dau Zunbeltz Fullaondok, esate baterako, abesbatzak eta jantza taldeak.

Musikeak be ez dau hutsik egingo, izen handiko artistei esker: Kai Nakai, Afrika Bibang, Itziarren Semeak, DJ Bull, Go!azen telesailekoak... Herri Kirolak be egongo dira, eta edade guztietako jentearentzako jarduera eta olgetak.

Abusu Ikastolakoak pozarren dagoz, ganera, Erronka lehiaketea barriro antolatu ahal izango dabelako, pandemiak behartutako urte biko hutsunearen ostean. Bizkaiko ikastoletako DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek hartzen dabe parte Erronkan, modu dibertigarri eta lagun-artekoan. Ibilbidean zeharreko ginkana moduko bat dabe zain aurtengo lehiakideek.

Irakasleak arduratuta dagoz gazte askoren aisialdi ereduagaitik, eta Erronkaren bidez bueltea emon nahi deutse horri. Nerabeei aukerea emongo deutse Ibilaldian aisialdi osasungarri eta aktiboa topau deien. Egitarauaren diseinuan gazteen eretxiak entzun ditue.

Era berean, Ibilaldia jaialdi parekide eta jasangarria izan behar dala adierazo dabe Abusu Ikastolakoek. Abusu auzoaren formeagaitik, trafikoa ia guztiz etenda egongo da maiatzaren 29an eta autoa ixteko leku askorik be ez da izango. Hortaz, garraio publikoan joateko eskatu dabe, metroak, trenak, tranbiak eta autobusak horretarako modua emoten dabe eta.

Ikastolen aldeko jaia baino gehiago da Ibilaldia, euskerearen aldeko jaia dala dinoe antolatzaileek. Horregaitik, euskeraz bizi nahi daben guztiei dei egin deutse maiatzeko azkenengo domekan Abusura joatera, eztabaida antzuak alde batera itxi eta danok alkarregaz ekiteko. Euskerea ez da inorena, eta danona da, esan dau Fullaondok. Poztasunaren eguna izatea nahi dogu, ganeratu dau Josune Bañalesek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu