'Gu ere bagara' proiektua, Getxoko LGTBI+ persona nagusien kontau bako istorioen bila
2022-05-11 10:53 Pil-pileanInes Bermejo artisteak eta Julen Nafarrate kazetariak bultzatuta.
Proiektu honek Getxoko LGTBI+ persona nagusien errealidadeak eta bizipenak jasoko ditu. Ekimen honen helburua izango da LGTBI+ amama eta aititei ikusgarritasuna emotea eta horretarako, arte erakusketea atonduko dabe. Laguntzea eskatu dabe istorio horreek jasoteko.
Julen Nafarrate kazetariak eta Ines Bermejo artistak Gu ere bagara proiektuari ekin deutse, Getxoko LGTBI+ persona nagusien kontatu bako istorioak jasoteko asmoz: LGTBI+ amama eta aititei ikusgarritasuna emon gura deutsegu, ezagutu nahi dogulako zelan bizi daben euren sexualidadea, orientazinoa zein nortasuna eta hori guztia arte erakusketa baten bidez kontauko dogu. Proiektuak Getxoko Udalaren sormen bekearen laguntzea dau.
Gu ere bagara-k hainbat fase izango ditu. Maiatzean eta bagilean erronkea izango da Getxoko 65 urtetik gorako persona horreek topetea, euren errealidade eta bizipenak kontau deiezan: LGTBI+ persona nagusien inguruan ez da berbarik egiten. Askotan, LGTBI+ komunidadeaz berba egiten danean, estereotipo jakinbatzuekaz lotzen da: gaztetasuna, estetika zehatza... Inoiz ez da berbarik egiten LGTBI+ amama eta aititeen inguruan, ikusezinak dira guztiz. Geure ekarpen txikia egin nahi dogu norabide honetan, artearen eremutik.
Errealidade honek, askotan, pertsona nagusiak euren sexualidadea normaltasunez ez bizitzera behartzen ditu: Ez dago bape normalizauta persona nagusien sexualidadeaz berba egitea eta gixiago lesbiana, trans, bisexual, gay edo persona queerren kasuan. Euren istorioak ezagutu nahi ditugu, euren bizipenak, zailtasunak... eta ezagutzera emon.
Nafarrate eta Bermejo Algortako Portu Zaharrean bizi dira gaur egun, eta azpimarratu daben legez, Getxoko LGTBI+ personen historia oraindino ez da oso ezaguna herrian: Non alkartzen zirn Getxoko LGTBI+ kideak? Zelako kodeak eta berbak zituen? Zeozelako talderik egon zan inoiz? Kontau bako istorio horreek guztiak jasoko ditue.
Hori dala eta, maiatzean eta bagilean LGTBI+ persona nagusien lekukotasunak jasoko ditue. Era berean, proiektuan parte hartu nahi dabenek mezu bat bialdu leikie guerebagara@gmail.com helbidera edota 687 245 352 zenbakira deitu: Eskertuko geunke proiektuaren zabalpenean laguntzea, erronka handia izango
baita istorio horreek lortzea. Era berean, jasotako istorioen aniztasuna islatzen be saiatuko dira: Auzo ezbardinetakoak, sexu-errepresinoa sufridu dabenak, askatasun handiagoagaz bizi izan diranak, atzerrian jaio diranak, klase sozial ezbardinekoak...
Behin bizipen horreek jaso ostean, udea eta gero Gu ere bagara erakusketea atonduko dabe Bermejok eta Nafarratek. Bertan agertuko dira personen lekukotasunak, baita gaur egungo erretratuak, irudi zaharrak eta bestelakoak: Erakusketa honen protagonismoa collage-aren teknikea izango da, Ines Bermejoren lanean oinarrituta. Udagoienean erakusketea ikusgai egotea aurreikusi dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!