Euskerea eta sormena kalera, Getxoko Kale Fest-en
2022-05-11 09:45 Euskerea berbagaiMaiatzaren 28tik urriaren 15era, auzo ugaritara helduko dira ikuskizunak.
Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko proposamenetan herritar askok egin eben eskariari kasu eginez, Getxoko Udalak lehenengo aldiz atondu dau Kale Fest, euskerazko kaleko arteen jaialdia. Maiatzaren 28tik urriaren 15era bitarteko egitarauan 29 ikuskizun dagoz. Getxoko hamar lekutan egingo ditue, jarduerak auzo guztietara heldu daitezan.
Kaleko arteetan ohikoak diran generoez gozau ahal izango dabe getxoztar eta bisitariek Kale Fest-en: zirkua, antzerkia, jantzea... Zinema proiekzinoak eta disziplina arteko kolaborazinoak be ez dira faltauko. Hori guztia, aire zabalean eta euskerea ardatz. Euskerazko kultureari protagonismoa emon nahi deutsala dino Udalak.
Konpainia ezagunak konbidauko ditue Getxora, esate baterako, Hortzmuga, Markeline, Oinkari eta Barsanti. Proiekzinoetan be, azkenaldion zeresana emon daben pelikulen alde egin dabe: Nora, Erlauntza, Akelarre, Errementari...
Amaia Agirre alkateak egitarauaren aurkezpenean azaldu dauenez, batez be, ume eta gazteak izan ditue gogoan jarduerak antolatzeko orduan, baina familia guztiak gozetako moduko ikuskizunak be egongo dira. Saio guztiak bariku, zapatu eta domeketan izango dira.
Irakurri programazino osoa hemen (PDF).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!