Hamabi eragilek bat egin dabe maiatzaren 21eko 'Euskera aurrera' manifestazinoagaz
2022-05-11 08:35 Euskerea berbagaiHerritarren bultzadea eta ekina beharrezkoak dirala uste dabe.
Euskalgintzearen inguruko hamabi eragilek agerraldia egin dabe Donostian, maiatzaren 21ean egingo dan Euskera aurrera lemapeko manifestazinoagaz bat egingo dabela azaltzeko. Euskera Aurrera egitasmoak egin dau protestarako deia, eta hamabi eragileok egokitzat jo dabe kalera urtetea, euskerearen etorkizuna bermatuko daben pausu gehiago eta traba gitxiago behar diralakoan.
Honeek dira bat egin daben eragileak: Kontseilua, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Jakin, Elhuyar, Pantailak Euskaraz, Bai Euskarari, Maizpide euskaltegia, Ikastolen Alkartea, UEMA, AEK eta Elkar.
Alizia Iribarren (AEK) eta Joanmari Larrarte (Elkar) arduratu dira danen izenean berba egiteaz. Lehenik eta behin, azkenaldion euskerearen erabilera normalizaduaren kontrako erabagi judizialak egon dirala salatu dabe, eta hizkuntza politikak be ez dirala nahikoak euskerearen aurrerabidea ziurtatzeko.
Horrenbestez, euskerearen geroa hiztunen borondatearen menpe dagoala dinoe, eta, egoerea baikor egoteko modukoa ez bada be, argi-izpi edo kimu barriak ikusten dituela. Korrikaren edizino jentetsua, Gazte Euskaltzaleen Sarearen sorrerea... Badago nondik heldu geroari.
Herri gogoa badagoala ikusirik, beraz, euskaltzaleek batu eta aurrerapausua egin behar dabela adierazo dabe Iribarrenek eta Larrartek. Maiatzaren 21eko manifestazinoagaz bat egiteko deia egin deutse euskaldunei. Donostian izango da hitzordua, 17:30ean Antiguako tunelean hasita.
Euskereari ipinten jakozan trabak salatu eta hizkuntza politika indartsuagoak eskatzeaz gan, hainbat aldarrikapen edo helburu izango ditu manifestazinoak. Besteak beste, euskaldun lez bizi izateko eskubidea bermatzea; hizkuntzen eta hiztunen komunidadeen bardintasunean oinarritutako mundua eregitea; eta euskerea herria kohesionetako oinarri bihurtzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!