Santutxun egingo dabe IV. Hirian jaialdia, maiatzaren 28an

Bizkaie! 2022-05-10 13:47   Musikea

Samantha Hudson, Aviador Dro eta Sex Museum dagoz kartelean, besteak beste.

Azken urteotan, Bilbao BBK Live jaialdiaren aurrekaritzat antolatu dabe Hirian, musika proposamen barritzaileak uriko auzoetara eroateko asmoz. Aurtengoa, 4. edizinoa, Santutxu auzoan izango da, maiatzaren 28an. Agertokiak ipiniko ditue Santutxuko hainbat kale eta plazatan, eta 23 talde eta bakarlarik emongo ditue kontzertuak.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, gustu guztietako jentearentzat aproposa dan egitaraua atontzen ahalegindu dira IV. Hirian jaialdian. Abangoardiako programazino eklektikoa izan da emoitzea.

Soy maricón abestiaren egile eta Z belaunaldiko ahots disidentetzat aurkezten dabe Samantha Hudson performerra eta queer abeslaria. Sex Museum, ostera, rockaren erreferentea da Espainian. Kartelean nabarmentzen dira, ganera, Aviador Dro; Potato; Punky Party Reggae taldea; eta Amaia Tirapuren Kokoshca proiektua.

Espainiako trap-aren aitzindari Albany be Santutxun izango da, baita Euskoprincess eta Maria Escarmiento be. Egitarauan sartu ditue, bestetik, Hofe x 4:40 proiektuaren 2000ko hamarkadako soinuak, MDAren trap eta hyperpop-a, rap eta r&b estiloetatik eratorritako trap-a egiten dauen L’Haine, eta gaztetxeko raperotzat hartu leitekezan Mutiko, Tattaa eta Denso.

Punk-ak be lekua izango dau, Borrokan eta La Élite taldeei esker. Plasaporros kolektiboak musikea eta jaia buztartuko ditu, eta Samurai-k pop itsaskor eta generazionala eskainiko dau. Alderdi elektronikoari jagokonez, Basoa in the city atalera konbidauko ditue GAZZI, Yung Prado, Tronis eta Rocío.

Egitarau eklektiko horren barruan, sailkatzen gatxak diran taldeak be badagoz: ZA & La TransMegaCobla proiektua; neo soul, hip hop eta house estiloak Karibeagaz buztartzen dituan Çantamarta; eta The Limboos taldearen r&b latinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu