Bilboko Udal Bandea eta txistulariak, udabarrirako prest

Bizkaie! 2022-05-10 12:09   Musikea

Sei kontzertu emongo ditue Arenalean, maiatzaren 13tik bagilaren 23ra.

Bilboko Udal Musika Bandea, Arenaleko kioskoan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arenaleko kioskoa doinuz beteko dabe Udal Musika Bandeak eta Udal Txistulari Bandeak, udabarriko zikloan. Maiatzaren 13an hasita, sei kontzertu joko ditue bertan, estilo ugaritakoak eta doban. Jose Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak eta Iñaki Urkizu zuzendariordeak gidatuko dabe Udal Musika Bandea, txandaka. Txistulariek Gorka Zabaleta izango dabe zuzendari.

Maiatzaren 13koa izango da lehenengo saioa, 19:00etan. Egun horretan, Udal Txistulari Bandeak erromeria antolatuko dau, jenteak beti-betiko doinuen erritmoan jantzan egin deian. Habanerak, jauziak, arin-arinak, jotak, pasodobleak eta abar entzun ahal izango dira. Konbidadu bereziak be egongo dira oholtzan: Alvaro Garcia txistua eta gitarrea joten; eta Sabin Bikandi eta Patxi Laborda jantza-maisuak.

Musika Bandeak, ostera, maiatzaren 20an dau lehenengo hitzordua. Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, Alaitzeko musika izeneko saioa eskainiko dabe. Txistulari Bandeak be hartuko dau parte kontzertuan.

Bagilaren 3an eta 10ean, Udal Bandeak bakarka igongo dau Arenaleko kioskoko oholtzara. 17an, ostera, barriro izango dau txistularien laguntzinoa, Gure musika izeneko saioan. Arenaleko azken saioa 23an izango da, eta kasu horretan Aiko Taldekoak agertuko dira Pascual-Vilaplanak zuzendutako Udal Bandeagaz batera.

Udabarriko ziklo horrezaz gan, udea hasi barri, kontzertu berezia emongo dau Musika Bandeak Arriaga plazan, aire zabalean, bagilaren 28an. Musikea eta zirkua buztartuko dituan saio horretan, Galiziako Pistacastro konpainiako artisten malabareak ikusi ahal izango dira. Bestetik, Bilbotik kanpo, Alcoi urira joango dira bandako kideak maiatzaren 14an, Amando Blanquer konpositorearen omenezko ekitaldira.

Udal Txistulari Bandeari jagokonez, ostera, Arenalean emongo dituan kontzertuak auzoetako beste saio batzukaz tartekatuko ditu. Izan be, Txistu Banda Auzoetan programan bete-betean sartuta dago taldea. Ganera, maiatzaren 15ean, Beasainen joko dabe Bilboko txistulariek, Oinatzak izeneko saioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu