Musikari ezagunak II. Ura Bere Bidean jaialdian

Bizkaie! 2022-05-10 10:27   Musikea

Urriaren 22an da hitzordua, BECen.

Igazko lehenengo edizinoak publikoaren eta artisten erantzun bikaina izan ebanez, Ura Bere Bidean jaialdia bigarren aldiz atontzea erabagi dabe Fair Saturday Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Formatu handiko emonaldia urriaren 22an egingo dabe, Barakaldoko BEC erakustazokan, Fernando Velazquez musikari eta konpositorea gidari dala eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Alkartea laguntzaile.

Oholtzan, euskal musikako izar handienetako batzuk egongo dira: Gatibu, Zea Mays, Mikel Urdangarin, En Tol Sarmiento, Mäbu, Izaro, Anje Duhalde, Amak, Shinova, Maren, Urtz, EH Sukarra eta Su Ta Gar aitatu ditue antolatzaileek. 1970eko hamarkadatik honako doinuen errepaso zabala egiteko modua emongo dau kartel oparo horrek.

2021eko edizinoaren formatuari eutsiko deutso aurtengoak. Hau da, Fernando Velazquezek artista konbidaduen abesti ezagunen bersino sinfonikoak egingo ditu eta, oholtzan, orkestrearen eta abesbatzearen laguntzaz interpretauko ditue. Ganera, kantuok banan-bana grabau ditue soinu kalidade onean eta 360 graduko bideoetan; postprodukzinoa amaitzear dagoanez, laster izango ditue prest eta udan astero-astero bideo bat zabalduko dabe.

Barrikuntzen artean, aitatzekoa da kontzertuko kantuen partitura murriztuak atonduko dituela, interesa daben abesbatza, musika-eskola eta abarrek erabili deiezen. Ura Bere Bidean proiektuaren barruan garrantzi handia dau dibulgazinoak, ez bakarrik kantuak, baita partiturak be, ahalik eta jente gehienarentzat eskuragarri egon daitezan, azaldu dabe Fair Saturdaykoek.

Azken batean, Ura bere bidean alkargune bat dala dinoe antolatzaileek. Musi­kearen industriaren bilakaera bizkorra ikusita, norbera­ren zuztarrak eta jatorria ahazteko arriskua dagoala ohartarazo dabe. Horregaitik, parte hartzen daben artistek omenaldia egingo deutse eta errespetuz berrinterpretauko ditue eurentzat bereziak diran kantuak, proiektuak belaunaldien eta euskal musikearen esti­loak alkartu deizan.

Urriaren 22rako asko falta dan arren, sarrerak saltzen hasi dira. Orain, igazko edizinoan izan ziranek erosi leikiez, proiektuari hasikeratik laguntzeagaitik lehentasuna emon nahi izan deutsielako. Maiatzaren 25ean jente guztiari saltzen hasiko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu