Lekukoa pasau deutso Korrikak Euskaraldiari

Bizkaie! 2022-05-10 09:22   Euskerea berbagai

2022a berbearen eta ekintzearen urtea izango dala aldarrikatu dabe.

AEK-ko eta Euskaraldiko arduradunak, Donostian (argazkia: Euskaraldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ia hilabete pasau da 22. Korrika amaitu zanetik, baina euskaltzaleek beste hitzordu garrantzitsu bat izango dabe urtea amaitu baino lehen, Euskaraldia. Pandemiak eragindako aldaketen ondorioz, urte berean egingo dira biak, eta, hortaz, berbearen eta ekintzearen urtea izango da 2022a, Korrikako eta Euskaraldiko arduradunen arabera.

Donostian egindako ekitaldi sinbolikoan, Korrikako arduradunek lekukoa pasau deutse Euskaraldikoei. AEK-ko koordinatzaile Alizia Iribarren eta Euskaraldiko Goiatz Urkijo eta Maddi Juanikorena izan dira agerraldian. Euskaltzaleak kalera urteteak, euskerearen aldeko ekimen jentetsuek eta ezagutzea zein erabilerea areagotzeko pausu sendoek aparteko garrantzia dabela dinoe, eta Korrika eta Euskaraldia ahalegin horren erdigune dirala.

Alizia Iribarrenek gogoratu dauenez, pandemiaren ondoriozko atzerapenaren ostean Korrika normaltasunez egin izana bada pozik egoteko modukoa, baina urte osoan ekin behar jako: Korrika egitea helburu bat zan, normaltasunez gauzatu ahal izatea, euskerearen olatua berreskuratzea, eta horren aurretik hilez hil, lekuan lekuko batzordeak osatu eta herrietan ekintzak antolatzea. Gizarteak Korrikan agertu dauen herri gogoa Euskaraldian barriro egotea espero dau.

Goiatz Urkijok uste dau Korrikan bizi izandakoa beste ekimen batzuetarako akulu izango dala, adibidez Euskaraldirako. Korrikak gizartean itxi dauen energia eta aktibazinorako olatua euskerearen erabileran, ezagutzearen unibersalizazinoan eta euskerearentzako gune erosoak zabaltzeko bidean aprobetxau beharra aitatu dau.

2022ko Euskaraldian, belarriprest eta ahobizien hizkuntza ohituretan eragiteaz gan, era guztietako entidadeei euskerazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea eskatuko deutsela aurreratu dau Goiatz Urkijo koordinatzaileak. Euskaraldia batzordeak martxan jartzen hasiak dagozala eta herririk herri aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten hasi dirala be azaldu dau.

Korrika, Euskaraldia eta antzeko ekimenetan herritarrek daben garrantzia azpimarratu dau Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak. Azken urte biotan batzordeen eta euskalgintzearen lana normaltasunez egiteko egon diran zailtasunak aintzat hartuta, aurten barriro herri ekimenak martxan egoteak dakarren abantailea ez ahazteko eskatu dau. Euskaraldia batzordeek belarriprest eta ahobiziei euskerazko hizkuntza praktikak indartzeko tresnak eskaintzen ahalegin handia egingo dabela dino Juanikorenak.

Zemendiaren 18tik abenduaren 2ra egingo dabe Euskaraldia. Laster, maiatzaren 18an, entidadeek izena emoteko eta konpromisoa hartzeko epea zabalduko dabe, eta irailean apuntau ahal izango dira belarriprest eta ahobiziak.

Korrikak eta Euskaraldiak bideo labur bat be atondu dabe. Ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu