Urte biko etenaren ostean, milaka lagun alkartu dira Herri Urratsen
2022-05-09 08:02 Euskerea berbagaiParisen erabagien kontra lan egiteko deia egin dau Seaskak.
Seaska ikastoletako arduradunak gogoz egon dira 2022ko Herri Urrats normaltasunez egiteko, aurreko urte bietan ezin izan diralako Senpereko lakuaren inguruan batu, pandemiaren erruz. Ipar Euskal Herriko ikastolei arnasea emon eta proiektu barrietarako finantziazinoa eskuratzeko ezinbestekoa da maiatzeko hitzordua.
Euskaltzaleen gogoa be egundokoa izan da, Senperen ikusi ahal izan danez. Seaskaren deiari erantzunez, milaka eta milaka lagun heldu dira Senperera eta giroa bikaina izan da egun osoan. Normaltasunera bueltan, ohiko egitarauaz gozau ahal izan dabe bisitariek. Kontu ekonomikoak egiteko orduan positiboa izango da Herri Urratsera joatea erabagi daben guztien ekarpena.
Izan be, Seaskaren sareko bosgarren kolegioa eregiteko dirua behar dabe. Senperen bertan egongo da eraikin barria, lakutik metro batzuetara, eta 200 ikasle inguru hartzeko lekua izango dau. Eskualdeko agintariak be prest agertu dira laguntzeko.
Aldarrikapenak eta protesteak be lekua izan dabe eguzkiak epeldutako Herri Urratseko zirkuituan. Seaskak salatu dau Frantziako Gobernuaren jarrereak txarrera egin dauela azkenaldion, eta traba barriak etorri dirala Parisetik. Hasteko eta behin, murgiltze ereduak berme juridiko sendoa behar dauela azpimarratu dabe, Parisek eredu horren kontra egin dituan azken ahaleginak kontuan izanda.
Era berean, euskeraz ikasteko eta azterketa ofizialak be hizkuntza horretan egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu dau Seaskak. Ikasketa guztiak euskeraz egin eta gero, Estaduaren eskumeneko azterketa batzuk frantsesez egin behar izatea ez dala zentzuzkoa uste dabe ikastolek. Brebetaren parte dan Zientzia azterketearen kasua da tirabira horren azken kapituluetako bat da.
Jean-Michel Blanquer ministroari jarreraz aldatzeko eskatu deutse Senperen. Hurrengo asteetan, Seaskakoek ekintza gehiago egingo ditue euren aldarrikapenen alde, eta desobedientziarako deia be zabaldu dabe.
Frantziatik traba ugari datozan bitartean, bertoko agintariek Herri Urrats aprobetxau dabe Seaskaren proiektuari babesa emoteko. Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko burua eta Antton Kurutxarri EEPko presidentea Senperen bertan izan dira, eta Akitania Barria eskualdeko presidente Alain Rousseten babesa Frederique Espagnac kidearen bidez heldu da. Eusko Jaurlaritzako Bingen Zupiriak, Jokin Bildarratzek eta Miren Dobaranek be osterea egin dabe lakuaren ertzera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!