Ipar Euskal Herriko zazpi euskera alkarte Euskaltzaleen Topagunera batu dira
2022-05-09 08:56 Euskerea berbagaiFederazinoa sortu ebenetik 25 urte bete dira aurten.
Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herriko lurralde guztietan izango ditu bazkideak gaurtik aurrera: Batzar Nagusian onartutako zazpi euskera alkarteetatik bost Ipar Euskal Herrikoak dira eta 2020an Topagunera batutako Hendaiako Mintzaian alkarteagaz batera, sei dira daborduko Ipar Euskal Herriko Euskaltzaleen Topagunea osotuko daben alkarte euskaltzaleak. Iparraldeko zenbait alkartegaz hartu-emonak ditu Topaguneak eta sarea osotzen doa.
Hendaiako Ondarraitz estadioko aretoan egin dabe Euskaltzaleen Topaguneko bazkideek 2022 urteko Batzar Nagusia eta danetara 60 lagunetik gora batu dira bertan. Federazinoa sortu ebenetik 25 urte bete dira aurten eta oso barri garrantzitsua eta pozgarria da Topaguneko arduradunentzat urteurren honetan Euskal Herriko lurralde guztietan presentzia dauen erakunde bihurtzea.
Zazpi bazkide barri onartu ditue Euskaltzaleen Topaguneko kideek aurtengo batzarrean: Amikuzeko Zabalik alkartea, Baionako Biltxoko, Biarritzeko Mintzalasai, Izturitzeko Artetxea, Larresoroko Ote Lore, Iruñeko Laba eta Zumaiako Larraina alkartea izan dira Topagunera batutako alkarte barriak. Bazkide barrien ordezkariek be parte hartu dabe Batzarrean.
Euskera alkarteen mobimentuaren hirugarren Kongresua
Lau hamarkada beteko dira laster euskera alkarteen mobimentua sortu eta herriz herri zabaltzen hasi zanetik. Lekuan lekuko euskera alkarte honeek Euskaltzaleen Topagunean egituratu ziranetik 25 urte bete dira gainera 2022 urtearen hasieran. Hamar urte bete dira, baita euskera alkarteen mobimentuak lehen eta bigarren Kongresuak egin zituenetik be. Azken hamar urteetan Euskaltzaleen Topaguneak eta euskera alkarteek egindako ibilbidea aztertu eta hurrengo urteetarako erronken inguruan gogoetea egiteko 2023ko udagoienean mobimenturen hirugarren Kongresua egitea erabagi dabe Topaguneko bazkideek. Hurrengo urte eta erdian Kongresura heldu arte egingo dan hausnarketearen egutegia onartu dabe batzarrean.
Kalea berreskuratu eta euskaltzaleak aktibetea helburu
Urte bitan pandemiak gizartean izan dauen eragina euskera alkarteen mobimentuan be igarri dala aitatu dabe Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek. Aisialdian, kulturgintzan eta mintzapraktikatan zein hizkuntza aniztasuna lantzeko egitasmoetan pandemiaren eragina garrantzitsua izan da eta horregaitik, 2022 urterako Euskaltzaleen Topagunearen helburu nagusietako bi izango dira euskaltzaleen aktibazinoa eta kaleetan euskerearen normalizazinoaren aldeko dinamikak indartzea. Zemendiaren 18tik abenduaren 2ra Hitzez ekiteko garaia lemapean egingo dan Euskaraldiaren hirugarren edizinoa aukera parebakoa izango da helburu horreek lortzeko bidean. Helburu horreei erantzuten deutsee, baita 2022 urteko Kudeaketa Planean jasotako kultur, aisialdi, sensibilizazino, mintzapraktika eta aniztasun arloko egitasmoek be.
Beste alde batetik, aisialdia lantzen daben euskera alkarteak batzen dituan Kukulaisi alkartearen eta lekuan lekuko hedabideen bateragunea dan Tokikom-en 2022rako asmoak aurkeztu dira.
Zuzendaritza Batzorde barritua
Hiru kide barri batu dira Euskaltzaleen Topagunearen Zuzendaritza Batzordera: Arrasateko AED euskera alkarteko ordezkari modura ibiliko da Karmele Perez, Bilboko Zenbat Gara alkarteko ordezkari modura Isabel Isazelaia eta Gasteizko GEU alkarteko ordezkari izango da Jon Ajuria. Batzordean jarraitzen daben
ganerako ordezkariakaz batera, danetara 12 kide izango ditu aurrerantzean Euskaltzaleen Topagunearen Zuzendaritza Batzordeak.
Informazino gehiago behar izan ezkero, info@topagunea.eus helbidera idatzi zeinkie edo 615.78.16.41 telefono zenbakira deitu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!