Asier Otamendi eta Manex Agirre irabazle final laurenetan

Bizkaie! 2022-05-09 08:00   Bertsolaritzea

Hurrengo faserako txartela eskuratu dabe biek.

Dulantziko saioko bertsolariak (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

2022ko Arabako Bertsolari Txapelketearen bigarren partea martxan da, fase erabagigarria. Honaino heldu diran 18 bertsolariek final laurenak, finalaurrekoak eta finala ditue aurretik, bagilaren 11ra arte. Final laurenetako lehenengo saio biak asteburuan jokatu dira, eta Asier Otamendik eta Manex Agirrek irabazi dabe.

Lehenik eta behin, Dulantzin jokatu da kanporaketea. Asier Otamendik 242 puntu eskuratu ditu, eta bera izan da onena. Haren atzetik, bigarren izan da Iñaki Viñaspre (239 puntu) eta hirugarren lekuan Maddi Agirre geratu da (231).Dulantzin kantau dabe, ganera, Paula Amilburuk (230,5), Rikardo Gonzalez de Duranak (224,5) eta Ekaitz Samaniegok (221,5).

Zigoitian, ostera, Manex Agirrek irabazi dau saioa, 245,5 puntu batuta. Honen atzetik, Xabi Igoa bigarrenak 233 puntu eskuratu ditu eta Peru Abarrategi hirugarrenak, 232. Pixka bat atzerago geratu dira sailkapenean Orlando Arreitunandia (221,5), Unai Mendibil (199,5) eta Markel Yoller (189,5).

Honenbestez, Asier Otamendik eta Manex Agirrek finalaurrekoetan kantauko dabela ziurtatu dabe, saioetako irabazleei jagoken lez. Ganerakoek puntuen araberako behin betiko sailkapenari itxaron beharko deutsie aurrera egin daben jakiteko.

Hurrengo saioa Aramaion jokatuko da, zapatuan, maiatzak 14. Oholtzan izango dira Andere Arriolabengoa, Asier Rubio, Felipe Zelaieta, Manu Bendala, Oihane Perea eta Unai Anda. 17:30ean hasiko da. 

Manex Agirre kantuan, Zigoitian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu