Bilbok Aste Nagusiko '35. Bertoko Metal, Pop Rocka-Metal eta Pop Rocka' berreskuratuko dau
2022-05-06 09:53 MusikeaMaiatzaren 6an hasiko da izena emoteko epea.
Bilboko Udalak, maiatzaren 6tik bagilaren 5era arte zabalik izango da erakustaldiaren 35. edizinoan izena emoteko epea. Udalaren webgunean emon daiteke izena. Bizkaian bizi diran bakarlariek eta musika-taldeek parte hartu leikie eta kideetako bat, gitxienez, lurralde historikoan erroldauta egon beharko da.
Jazzaz beste, metalaren, poparen eta rockaren barruko musika-estilo guztiak onartuko dira, aldaera eta estilo guztietan. Hamasei talde eta artistak aukeratzeko, epaimahaiak –kazetari eta kritikari musikalek eratuta egongo danak– aintzat hartuko ditu emakumeek eratutako taldeak eta euskeraz egindako lanak.
Izena emon gura daben talde eta artistek, formularioa bete eta ondokoak aurkeztu beharko ditue: lau kantu original (mp3 edo wav formatuan), erretratu bat (jpg, bmp edo png formatuan) eta artistearen edo taldearen historiala/biografia (doc, docx edo pdf formatuan).
Lehiaketea 1985ean martxan jarri ebenetik, danetara 542 talde eta bakarlarik parte hartu dabe eta horreetako batzuk egungo musika-eszenako talde garrantzitsu bihurtu dira, besteak beste, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon eta Zea Mays. Horregatik, hitzordua ezinbestekoa da lurraldeko musikarientzat, talde barri, gazte eta ez-profesionalei arrakastea izateko aukerea emoten deutselako, zehaztu dau Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak. Hain zuen be, horixe da Bizkaiko uriburuko udalaren helburua: Aste Nagusian guztiek euren momentua izatea gura dogu, Erakustaldia Bizkaian daukagun kalidadeko musika guztiaren plataformea izan daitela, hasibarrien talentua zabaltzea eta Covid19aren urte biko etenaldiaren ostean jenteari aukerea emotea jaietan artista eta talde barrien proposamenak doban eta zuzenean entzuteko, azaldu dau Urtasunek.
198.000 ikusle 35 urtean
Erripako moila, Unamuno plazea, Arenaleko pasealekua, Bailen kalea eta, gaur egun, Bilborock Aretoa (aurten 25 urte bete ditu) izan dira erakustaldiaren agertokiak 35 urteotan eta danetara 198.000 ikus-entzule baino gehiago hartu ditue eta Aste Nagusiko jarduerarik arrakastatsuenetakoak dira kontzertuak.
Lehiaketa honek publiko fidela dauka: urtero 5.000 persona inguru etorten dira parte hartzen daben talde eta artisten kontzertuetara. Gainera, lehiaketeak Metal For The Crew eta Jack Kultur Alkartea kolektiboen laguntzea jasoten jarraitzen dau.
2019
Azken deialdian, 2019an, danetara 105 talde eta artistak parte hartu eben, hareetako 26 emakumez eratuak, 20 euskaldunak eta 14 abestiren bat euskeraz dabenak. Izena emon eben taldeetatik 60 Bilbokoak izan ziran eta gainerakoak, barriz, Bizkaiko herrietakoak.
Erakustaldiak, zortzi egunez, zenbait talde eta estilo eskaini zituan. Zikloa INCURSED-en folk metal-agaz eta VOLTIUM-en thrash-agaz hasi zan eta KNIVES eta AESTHETIC-en death metal-agaz amaitu. Bilborock aretoan rock taldeak be egon ziran, besteak beste, COLAJETS, POMERAY eta LAS SEXPEARES. Iparramerikar sustraietako proposamenak be entzun ziran: ROSEBUD, ENDIKA SANGRÓNIZ, BRINGAS eta GENERAL LEE beteranoen rockabillya. Raparen eta hip hoparen zaleentzako hitzordua ARRANO PERTXA eta LENGU ILUNA eta LA MEDIZINAH artistek ekarri eben. Azkenik, euskal rocka DESIRA-gaz hldu zan, popa NOA CLIFF-egaz eta soul-soft rocka ALAIN CONCEPCIÓN-egaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!