'Hordago' diskoa dakar Delirium Tremens taldeak, 32 urteren ostean

Bizkaie! 2022-05-06 08:45   Musikea

Maiatzaren 14an Ondarroan joko dabe eta 28an, BECen.

Juantxo Iurrita, Andoni Basterretxea, Patxi Irisarri eta Haritz Harreguy (argazkia: Delirium Tremens) | Ikusi handiago | Argazki originala

1990ean argitaratu eban Delirium Tremensek Hiru aeroplano, bigarren eta orain arteko azken diskoa. Handik gitxira desegin zan taldea. Hiru hamarkada geroago bueltau dira estudiora, eta zuzeneko kontzertu handi baten berragertzeko asmoa dabe, maiatzaren 28an, Barakaldoko BECen. Esku hutsik ez dabenez heldu nahi, zortzi kantuko disko barriari azken ikutuak emoten dabiz. Hordago dau izenburua eta Mauka Musikagintzaren eskutik dator.

Hortaz, bigarrena plazaratu eta 32 urtera urtengo dau Delirium Tremensen hirugarren diskoak. Zaleek be aspaldi zuzenean entzun bako soinuez gozau ahal izango dabe barriro BECen, orain dala aste batzuk taldekideek aurreratu ebenez. Azkenaldion, baina, beste hitzordu batzuk be lotu dituenez, Barakaldokoa ez da izango taldea barriro entzuteko aukera bakarra, ezta lehenengoa be.

Pasa dan asteburuan Arantzan emonaldi txiki baten hartu eban parte Delirium Tremensek. Hurrengo kontzertua Ondarroako Beikozinin izango da maiatzaren 14an. Ez dabe sarrerarik salduko, baina ehun gonbidapen bikotx banatuko ditue euren sare sozialetan.

Maiatzaren 28an BECen milazak zale batuko diranez, kontzertu hori gogo eta mimo handiz preparetan dabizala azaldu dabe taldekideek. Des-kontrol eta McOnak taldeak be oholtzan izango dira. Ostean, Delirium Tremens entzuteko aukerea izango da Azkena Rock, EHZ eta Hatortxu Rock jaialdietan, besteak beste.

Beste azken orduko nobedade bat be aurkeztu dau Delirium Tremensek: bueltauko zirala iragarri ebenean hiru taldekide ziran, baina bidean laugarrena batu jake, Haritz Harreguy. Berez, Hordago diskoaren soinu teknikaria zan Harreguy, haren estudioan dabiz grabazinoak egiten. Baina gitarrea joteko orduan ekarpen handia egingo ebalakoan, taldera batzeko proposamena egin eutsen, eta Harreguyk onartu.

Beste hiru taldekideak Andoni Basterretxea, Juantxo Iurrita eta Patxi Irisarri dira. Delirium Tremensen beti-betiko soinuari eusten ahalegindu dira, baina gaur egungo ikutua emoteko ederto etorri jake Harreguyren parte-hartzea. Jon Maiak be lagundu deutse Hordago-ko kantu batzuetako berbak atontzen.

Izan be, hiru hamarkadako geldialdiaren ostean, barriro musikea sortu eta joten hastea ez da beti gozoa izan taldekideentzat. Andoni Basterretxeak onartu dau momentu politak, gatxak eta danetarikoak bizi izan dituela. Kantuetan, gai arinak eta salaketa soziala tartekatu ditue.

Dagoeneko Hordago disko barriko hiru single aurkeztu ditue. Azkena, Aio! (entzun eta ikusi hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu