Ikus-entzunezko lan bi eta idatzizko ikerketa lan bat nabarmendu dira Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sarian

Bizkaie! 2022-05-05 12:18   Kulturea

36 lan aurkeztu dira Durangaldeko lehenengo deialdian.

Durangaldeko ondarea, historia, kulturea eta gizartearen jagoletzea, ikerketea eta zabalpenagazko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburua izan dau Gerediaga Alkarteak Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoaren babesari esker atondu dauen Sariketeak.

Danetara, 36 lan aurkeztu dira, gehienak 16-18 urte arteko gazteen proposamenak izan dira eta ikus-entzunezkoa izan da formatu erabiliena. Hiru lan saritu dira lehen edizinoan eta irabazle bakoitxak 500 euroko saria eskuratu dau.

Irabazleak:

Peio Martin Estevez (Zornotza, 17 urte) - Elkarrizketa amamarekin.

Andaluziatik Euskal Herrira biziten etorritako amamaren bizipenak jasoten dituan ikus-entzunezko laburra da. Epaimahaiak gaia ausarta dala adierazo dau.

Personaia nagusiaren aukeraketea be borobila izan dala nabarmendu dau: hurrekoa eta hungikarria. Lekukotzearen balio historikoaz aparte, maila teknikoan –mgidoia eta muntaia kontuan hartuta – ondo egindako lana da.

Ibone Gomez Tamayo (Zaldibar,18 urte) - Euskal bidaiariak.

Durangaldeko herri ezbardinetatik bidaia egitea proponiduten dau ikus-entzunezkoak eta herri bakotxeko leku esanguratsuenak aurkezten ditu.

Epaimahaiak formatua nabarmendu dau saria emoteko, lana ikuserraz egiten dauelako. Gainera, jasoten duen informazioa ondo jantzita dago eta era entretenigarrian azaltzen dau.

Adrian Burgada Ereño (Durango, 29 urte) - Ibaizabal ibaia.

Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisajearen bilakaerea aztertzen dau idatzizko ikerketa-lanak. Horretarako, Europako Corine Land Cover programea, Euskadiko Baso Inbentarioak eta PNOA programeak aurkeztutako kartografia aztertu eta galera-mailearen hurreraketa kuantitatiboa zehaztu dau.

Ikerketa landua dala nabarmendu dau epaimahaiak, maila ondo atonduta eta zehatza, lan bibliografiko interesgarriagaz. Testuaz gan, egileak artikuluan jasotako erretratuak egin ditu eta mapa zein grafikak asko erabili ditu gaia azaltzeko.

Saritutakoen artean lan idatzi bakarra da eta Gerediaga Alkarteak, udagoienean argitaratuko dan Astola urtekariaren 16. zenbakian ikerketearen laburpen bat argitaratzeko aukerea emongo deutso Adrian Burgada irabazleari.

Epaimahaia Durangaldeko eta arlo ezbardinetako hiru gaztek osotu dabe: Iruri Altzerreka Martinez (Garai) zuzenbide ikaslea, Helene Sanchez Zelaia (Durango) bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria (Elorrio) ikus-entzunezko komunikazinoan aditua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu