Zinema eta kontzertu aretoek Covid laguntzinoak eskatu leikiez

Bizkaie! 2022-05-05 11:12   Kulturea

Miloe bi euro emongo ditue pandemiaren eragina arintzeko deialdi honetan.

Musikea Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (argazkia: Jimmy Jazz) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemea edo zuzeneko musikea eskaintzen daben areto pribaduek 2022ari jagokozan diru-laguntzinoak eskatzeko epea zabalik dabe, Covid-19ak euren jardun profesionalean eragin dituan oztopoei aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, apirilean Gobernu Kontseiluak onartutakoari kasu eginez, miloe bi euro banatuko ditu. Bagilaren 4ra arteko epea dago eskabidea egiteko.

Covid-19ak gogor jo dau kulturearen sektorea eta, horren barruan, zuzeneko emonaldiak. Areto pribaduetan beharrean dabizan profesional ugariri eragin deutse pandemiak. Jaurlaritzearen arabera, 2019ko eta 2021eko fakturazinoen artean gitxienez % 20ko jatsierea izan daben aretoek eskatu leikie diru-laguntzinoa. 

Diru gehiena, miloe eta erdi euro, zuzeneko musikea programetan daben aretoen edo norbanakoen artean banatuko dabe. Kudeaketan eta sustapenean dabizan autonomo, enpresa eta erakunde profesionalak hartuko ditue kontuan.

Era askotako aretoek eskatu leikie laguntzinoa. Esate baterako, legezko edukierea 120 lagunetik gorakoa danean edo ekipamendua jaubetzan eta teknikariak kontratauta dituenen kasuan. Gitxienez ordainpeko hamabi kontzertu programau dituenak be sartzen dira, edo hogei kontzertu aretoa 100.000 biztanletik gorako udalerri batean badago.

Sustatzaileei jagokenez, 2019an gitxienez hamar ordainpeko kontzertu bultzatu dituenek egin leikie eskabidea. Edozein kasutan, zuzeneko musikearen atalean emondako laguntzino bakotxa ez da 70.000 euro baino gehiagokoa izango.

Beste miloe erdi euroak zinema-aretoen alorrerako izango dira, emonaldiak kudeatzen dituen autonomo, enpresa eta erakunde profesionalen artean banatzeko. Pantaila bat edo bi dituen aretoek 10.000 euroko laguntzinoak jasoko ditue gehienez, eta beste 5.000 pantaila gehigarri bakotxeko.

Baldintza batzuk be bete behar ditue eskatzaileek. Diru-sarreren autortza zehatza egin eta Enpresa Zinematografikoen Administrazino Erregistroan izena emonda egoteaz gan, aretoetako programazinoaren % 40 edo gehiago Europako edo Latinoamerikako produkzinoak izan beharko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu