Bilborock-eko 7 aretok barriro edegi ditue ateak
2022-05-05 10:38 MusikeaEkipamendu eta teknologia barriakaz horniduta dagoz.
Egokitu egin dira espazioak eta martxan jarri dira aretoetako batean bideoak eta podcastak grabau ahal izateko behar diran baliabide teknikoak.
Datorren maiatzaren 7an ateak edegita egongo dira, 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 23:00etara. Arratsaldeko 18:30etik aurrera, barriz, Bilborock-en musika-maratoi bat izango da, areto horreek erabilten dituen banden eskutik. Areto horreetakoren bat erabili nahi daben 16 eta 30 urte bitarteko persona guztiek izango dabe aukerea, doan, maiatzean zehar. Hiru jarduera horreek (ate edegiak izango diran eguna, maratoia eta maiatzean zehar doban erabili ahal izatea) Bilborock-en 25. urteurrena dala-eta aurreikusitako programazinoan eta jardueretan datoz jasota.
Bilboko Udaleko Bilborock-en helburua da gazteei leku bat eskaintzea, kalidadekoa eta ondo horniduta, musikea sortu eta gozau deien; gainera, leku horreetan gazteek aukerea dabe hartu-emonak izateko eta alkarri gauzak erakusteko.
Gehien ardura dauena da zazpi estudio horreetako bat beharrezkoak diran material teknikoakaz hornidu dala, 16 eta 30 urte bitarteko personek zein bandek bideoak eta podcastak grabau ahal izateko. Areto hori erabili ahal izateko, beharrezkoa da formazino ikastaro bat egitea aurretik, 10 ordukoa, tresna barriak erabilten ikasteko (bideoa grabau, audio produkzino-ostea, grabazino arinak gailu mobikorrakaz). Formazinoa Diego Urruchik, Jose Miguel Vilaltak eta Mikel Laukik emongo dabe, Media Attack ikus-entzunezkoen produkzino-etxekoak, oraintsu film labur onenaren 2022 Goya saria irabazi dabenak; formazioan parte hartzeko, Bilborock aretoko langileakana jo behar da.
Ate edegiak, maratoia eta sartzea doban maiatzean
Aretoak atzera be edegiteagaz batera, ateak irekita egingo da jardunaldi bat, nahi dutenek espazio berritua ikusteko eta ezagutzeko aukera izan dezaten. Jardunaldiaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 23:00etara izango da. Sarrera doan izango da, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emotea.
Datorren zapatuan Bilborock-era hurreratuko dirn taldeek edo bakarlariek aukerea izango dabe photocall batean parte hartzeko, bateriaz, mikrofonoz, gitarraz, baxuz eta anplifikadorez horniduta eta erretratu batzuk eta bideo bat be egingo jakez; gero, bialdu egingo jakez biak.
Zapatuan bertan, arratsaldean, 18:30etik aurrera, Bilborock erabilera askotako aretoan ensegu-areto horreek erabilten dituen banden maratoi bat izango da.
Azkenik, aretoak hobeto ezagutu ahal izateko aukerea emonez, gura daben taldeek eta bakarlariek doban egin ahal izango ditue enseguak, maiatzean zehar eta horretarako, erreserbea egin behar dabe, 94 415 13 06 telefonora deituz, astelehenetik barikura, 10:30etik 13:30era.
Bagiletik aurrera, erreserbea beharrezkoa izango da oraindino be eta prezioa, orduko 2,90 euro izango da. Bideoak eta podcastak grabetako aretoaren prezioa orduko 5,75 euro da.
Urtean, 300 talde edo bakarlarik erabiliko ditue Bilborock-en aretoak eta horrek esan nahi dau 700 erabiltzaile baino gehiago izango dituela. Estudio horreetan saioak egingo dituen personen ezaugarriez, nabarmentzekoa da % 72 Bilbokoak dirala eta erdiak baino gehiagok 35 urte baino gitxiago dituela.
Bilborock-en 25. urteurrena
Ate edegien eguna, maratoia edo maiatza doban, danak Bilborock aretoaren 25. urteurrena dala-eta maiatzerako aurreikusitako programazinoaren eta ekintzen barruan datoz.
90eko hamarkadan eskuratu eban Bilboko Udalak eraikin hori, eleiza barroko bat, gazteentzat kultur espazio bat martxan jarteko eta 1997ko apirilaren 7an edegi zan.
Udal ekipamendu hori uriaren bihotz historikoan dago kokatuta eta oso ezaguna da persona nahiz kolektibo gazteentzat eta kultur eerakunde eta eragileentzat, gazteentzat eta uriarentzat interesgarriak diran ekimenak sustatzeko, sortzeko, erakusteko, saiakuntzak egiteko, produziduteko eta ezagutzera emoteko leku legez.
Jardueraz betetako leku bat da, eta gazteentzako sinergia etengabekoen zentro bat dela jo daiteke. Bilborock-en era guztietako jarduerak egin daitezke, musika ez ezik: dela zinema, dantza, moda, poesia errezitaldiak, ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, aurkezpenak eta beste. Era bateko eta besteko guneak dauzka, erakusketak egiteko, sortzeko, entseguak egiteko eta bideoak eta podcastak grabatzeko.
25 urte honetan, 6.500 ekitaldi baino gehiago programatu dira Bilborock ekipamenduan eta milioi bat pertsona baino gehiago hurbildu da hara. 2.000 kontzertu egin dira, 1.564 antzezlan eta 926 zinema-proiekzino.
Honako honeen saioak dira nabarmentzekoak: The Corrs, Robbie Williams, Doctor Deseo, Amaral, Antonio Orozko, Charo López, Silvia Tortosa, Leo Bassi, Antonia San Juan eta Dani Rovira; eta, horreez gan, El Columpio Asesino, Zea Mays, Belako, Sidonie, We are Standard, Delorean, The Sunday Drivers, Zodiacs, Audience, Ainara Legardón, Capsula, Rise to Fall, Yellow Big Machine eta Quaoar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!