Arrigorriagako leku gehiagotara helduko da aurten Clown eta Pailazo Jaialdia

Bizkaie! 2022-05-05 09:56   Kulturea

Maiatzaren 6tik 8ra, bertoko eta kanpoko konpainien ikuskizunez gozau ahal izango dogu.

Leo Bassi beteranoa Arrigorriagan izango da | Ikusi handiago | Argazki originala

1995ean sortu zanetik, eten barik aldatzen eta egokitzen joan da Arrigorriagako Nazinoarteko Clown eta Pailazo Jaialdia. Aurten be nobedadeak dakarz 27. edizinoak, izan be, Udalak azaldu dauenez, Arrigorriagako leku gehiagotara helduko dira egitarauko ikuskizunak, udalerriko txoko guztietan kaleko eta zirkuko arterik onenaz gozau deien. Besteak beste, Abusun eta San Antonion egingo ditue saioak lehenengo aldiz. Kiroldegian, Pergolan eta Lonbo Aretoan be hitzorduak dagoz.

Maiatzaren 6tik 8ra egingo dabe jaialdia, eta ikuskizun barritzaileez gan, erakusketak eta eskoletako jarduerak egongo dira, baita clown ikastaroak be profesionalentzat zein zaleentzat. Konpainien proposamenei jagokenez, clown eta pailazoen saioak izango dira gehienak, zirkua eta jantzea ahaztu barik.

Hamabost konpainia etorriko dira Arrigorriagara, bertokoak zein kanpokoak. Euskal Herriko zazpi konpainia dagoz egitarauan. Aitatzekoa da Malas Compañías taldearen Zirkus, 1930eko hamarkadan Bilboko umezurztegi, ospitale eta zahar-etxeetara ilusinoa eroan eban Circo Amateur Club Deportivoren historia kontetan dauelako.

Kolectivo Konikak, bestetik, akrobazien alde egin dau Nire sudur punta ikuskizunean eta Zirkozaurrekoek be zirkuko teknikak erakutsiko ditue Kobr3 obran. Gari, Lontxo eta Joselontxo pailazoek oholtzan debuta egin ebenetik 25 urte bete dituela ospatuko dabe Arrigorriagan.

Beste hitzordu nabarmen bat Leo Bassiren Best of Bass da, clownaren alorreko gaur egungo artista handienetako baten ibilbideko momentu gogoangarrien bildumea. Bestalde, musikea, umorea eta antzerkia buztartuko ditue Piscore galiziarrek Concierto con fusión saioan. Luigi Ciotta italiarrak Tutti in valigia aurkeztuko dau.

Jarduera osogarrien artean aitatu leitekez Taun Taun konpainiaren txotxongiloen erakusketea eta maiatzaren 7ko air yoga tailerra.

Ikusi egitarau osoa hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu