Letrak eta Futbola Jaialdiak Ricardo Bochini eta Eduardo Sacheri batuko ditu

Bizkaie! 2022-05-05 08:32   Kulturea

Jorge Barrazak lagunduta, literatura eta futbol-topaketea San Mamesen izango da, maiatzaren 6an.



2022ko Letrak eta Futbola Jaialdia aurkezteko, jardunaldi berezi-berezi bat atondu dau Athletic Club Fundazinoak, hogeigarren urteurrena dauela eta. Club Atlético Independientearen mitoaz eta Munduaren martxa orokorraz berba egingo dabe futbolaren eta literaturearen alorretan ezagunak diran Ricardo Enrique Bochini (One Club Man sariaren irabazlea) eta Eduardo Sacheri (2016ko Alfaguara Sariaren irabazlea). Sacheriren azken eleberriaren izenburua dakarsku gogora jardunaldiarenak. Maiatzaren 6an izango da barriketaldia, arratsaldeko 19:00retan, San Mameseko BAT uztaiaren Iparraldeko Aretoan (sarrera, 12. atetik). Bochinik eta Sacherik Jorge Barraza kazetari argentinarra izango dabe lagun.

2010an egin eben lehenengoz Letrak eta Futbola eta helburua da kulturearen eta futbolaren arteko zubi-lana egitea. Aukera aparta izan zan Athletic Clubek Ricardo Enrique Bochiniri One Club Man saria emon izana agertoki berean batzeko fenomeno bi, pasino bera dabenak: futbola eta Avellanedako Club Atlético Independiente taldea.

Ricardo Enrique Bochini

Bochini da Independenteko zaleen idolo nagusia. Argentinako futboleko 10 zenbakidun onena izan da Diego Armando Maradona eta Leo Messiren ondoren. Bocha-k Argentinako deabru gorriakaz bete eban bere ibilbide osoa, izan be, zazpi lorpen tartean dirala, Independente Amerikako Libertadores Kopako garaikur gehien dituan kluba da.

Bochini, pase egile bikaina, klubaren urrezko aroaren protagonista nagusia izan zan 70eko hamarkadan eta munduko txapeldun geratu zan Argentinagaz 1986an. 1991n erretiroa hartu eban 37 urte zituala, 20 denporaldi jokatuta, 714 partidu, 108 gol eta 200 gol-pase baino gehiagogaz. Zazpigarren One Club Man Award da, Hego Amerikako lehenenengoa. Aurretik, Matt Le Tissier, Paolo Maldini, Sepp Maier, Carles Puyol, Billy McNeill eta Ryan Giggs jokalari ohiek jaso dabe.

Era berean, ezaguna da Eduardo Sacheriren gorrizaletasuna. 2014ko Letrak eta Futbola jardunaldian be parte hartu eban Sacherik eta holan ekin eutson berbaldiari: Independiente taldea bere historia osoan lehenengoz B maila Nazinonalera bajau izanak eragin eutson minaz gogoetea eginez, izan be, 101 urte eroiazan Independiente taldeak lehen mailan, bape eten barik. Kontakizun hartan, futbolak hainbat gai garrantzitsugaz dauen loturaz berba egin eban Sacherik: nortasuna, hartu-emon personalak, nonbaiteko partaide izatearen sentimendua, zoriontasuna ardatz hartuta.

Eduardo Sacheri eta Jorge Barraza

Bizirik dagozan Latinoamerikako idazleetatik garrantzitsuenetakoa da Eduardo Sacheri: miloe-erdi idazle leial ditu eta hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli ditue haren liburuak. Sacheriren lehenengo eleberria “La pregunta de sus ojos” (2005), Haren begien galdera film bihurtu eban Juan José Campanella zuzendariak “El secreto de sus ojos (2009). Atzerriko Film Onenaren Oscarra emon eutsen pelikuleari. 2016an, barriz, Alfaguara Saria emon eutsen La noche de la Usina eleberriari eta liburu hori be film bihurtu eben “La odisea de los giles” (2019), Azken liburuan “El funcionamiento general del mundo” (2021), barriz, aita batek bere eskola-sasoiko futbol-lehiaketa baten gorabeherak kontetan deutsee bere seme-alabei, autoz egiten dabizen bidaia luze batean. Letrak eta Futbola Jardunaldiak bizitzako gai garrantzitsuez berba egiteko atxakia baino ez dira futbol-gomutak: laguntasuna, maitasuna, familia, on-gatxak...

Jorge Barraza kazetari argentinar ospetsuak egingo ditu moderatzaile-lanak. Besteak beste, ondoko liburuak idatzi ditu Barrazak: Fútbol de ayer y de hoy (2014), James en la cima del mundo (2014) eta OCMaren biografia Yo el Bocha; vida de Ricardo Bochini, 2016.

Sartzea doban. Streaming bidez jarraitzeko aukerea

Club Atlético Independienteren jarraitzaileen gozagarri ez eze, Bochini eta Sacheriren arteko topaketea ekitaldi seinalatua izango da futbola eta literatura maite dauen edozeinentzat, txapeldun biren arteko barriketaldia ikusi eta entzuteko aukerea izango dabelako. Fundazinoak atontzen dituan kultur ekitaldi guztietan legez, sartzea doban da, jarlekuak bete arte. Bestalde, Athletic Cluben You Tubeko kanalak zuzenean emongo dau berbaldia, streaming bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu