Bilboko Aste Nagusiko kartela aukeratzeko lehiaketea martxan

Bizkaie! 2022-05-04 13:37   Kulturea

Bagilaren 5era artekoa da epea.

Aurten abuztuaren 20tik 28ra egingo dabe Bilboko Aste Nagusia eta, ondo bidean, betiko formatua berreskuratuko dau, pandemiaren eraginezko murrizketa gehien-gehienak kenduta. Hortaz, 2022ko jaiak iragarriko dituan kartelaren bila hasi da Bilboko Udala. Urtero lez, lehiaketa bidez aukeratuko dau.

Hortaz, interesa daben guztiek euren proposamenak bialdu leikiez bagilaren 5era arte, gehienez kartel bi personako. Bertoko zein kanpoko jenteak hartu leike parte lehiaketan eta lanak online aurkeztu beharko dira.

Kartelak derrigorrez izan beharko dau honako testu hau: Aste Nagusia. Bilbao 2022. Abuztuak 20-28 agosto. Finalistak aukeratzeko orduan, epaimahaiak kontuan izango da gizarte askotarikoaren erakusle izatea, hau da, estereotipoak ez erabiltea.

Argibide guztiak eta oinarriak hemen.

Bederatzi kide dituan epaimahaiak sei kartel finalista aukeratuko ditu. Bagilaren 8tik 15era, herritarrek botoa emon ahal izango dabe, modu presentzialean, online zein komunikabide laguntzaileen bidez. Irabazlea sistema mistoz aukeratuko dabe: herritarren eretxiak erdia balioko dau eta epaimahaiarenak beste horrenbeste.

Irabazleari 3.000 euro emongo deutsez. Ganera, Bilboko txoko guztietan ikusiko da bere kartela, 2022ko Aste Nagusia iragarten. Jai Batzordeko kideak zein herritarrak ospakizuna noiz helduko zain dagozala adierazo dau Itziar Urtasun zinegotziak, pandemiaren ondoriozko urte biko etenaren ostean: Gure jaiak biziteko gogoz ganezka gagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu