'Gardena' aurrerapen abestia dakar Habi taldeak

Bizkaie! 2022-05-04 12:49   Musikea

Maiatzaren 14an, Lemoan joko dabe Esanezin, Ibil Bedi, Pasadena eta Ane Han taldeakaz batera.

Lehen diskoa argitaratu ondoren lau urte pasau diranean, laugarren estudioko lana aurkeztuko dau Habi taldeak: Helmuga. Lau kantuz osotutako EP bat da: musikeari buruz berba egiten dauen eta musikeari berari omenaldia egiten deutson lana. Estilo askotarikoak nahastau ditue lau abestietan, orain arte urratutako ibilbidean ikasitako gauza guztiak horreetako bakotxean islatuz. Gardena aurrerapen abestia da horren guztiaren erakusle. Apirilaren 13an plazaratuko dabe. EP osoak bezela, musikearen gainekoak dira nagusi: Euren bizitzetan egin dauen bideaz eta musika talde bat sortzeak izaten dauen argi ilunaz. Dinoenez, holako proiektu bat aurrera eroatea gatxa izaten da eta, horregaitik, euren inguruan dagozan musikariak eta musikea bera omendu gura izan ditue. Horretarako, erritmo jantzagarri eta melodia jostalariak erabili ditue, kide biko talde bat izan arren, zaleen buruak eta gorputz askotarikoak mobiduteko nahikoa baliabide dituela erakutsiz.

2018ko zemendian sortu zan Habi, Yeray Gascon eta Jonander Artola musikari eta aurrerago taldekideen bideak kurutzatu ziranean. Ordutik, disko bi eta single bikotx bat argitaratu ditue; azken hori Etxekalte taldeko lagunekaz batera. Guztiak Elkar estudioan grabau ditue, Victor Sanchez teknikari eta injineruaren gidaritzapean.

Helmuga - Kontzertuak

Apirilaren 22an eta 30ean, Oreretan eta Gernikan jo ondoren, maiatzaren 13an, Donostiako Kutxa Kultur Klubean emongo dabe kontzertua. Aurrerago maiatzaren 14an, Lemoan joko dabe Esanezin, Ibil Bedi, Pasadena eta Ane Han taldeakaz batera Lemoakustik Jaialdian; maiatzaren 26an, Ordizian, OrdiziRock-en; 27an, Billabona; eta 28an, Zumarragako Gaztetxean, Kuartz taldeagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu