Udabarriko Bertso Saioak Santutxun eta Deustun izango dira

Bizkaie! 2022-05-04 12:35   Bertsolaritzea

Maiatzaren 14an, zapatua, da lehenengo hitzordua.

Nobedade handia dakar Udabarriko Bertso Saioak programeak aurten, izan be, Santutxu auzotik urten eta saio bi Deustun egingo ditue. Bilboko Udalak jakitera emon dauenez, lau saio dagoz egitarauan, danak zapatuetan eta 13:00etan, hil honen 14an hasita. Betiko lez, zaleek punta-puntako bertsolariez gozau ahal izango dabe aire zabalean eta doban. Santutxuko Bertso Eskolea da bultzatzailea.

Santutxuko saioak betiko lekuan egingo ditue, Karmelo plazan. Deustukoak San Pedro plazan izango dira, frontoiaren alboan. Lehenengo hitzorduan, maiatzaren 14koan, Amets Arzallus, Oihana Bartra, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi izango dira oholtzan. Bigarrenean, 21ean, Maialen Lujanbio, Ibon Ajuria, Jone Uria eta Etxahun Lekue. Saio biok Karmelo plazan dira.

Egitarauko azken saio bietan helduko dira Udabarriko Bertso Saioak Deustura. Maiatzaren 28an, librean kantauko dabe Nerea Ibarzabalek eta Andoni Egañak. Trebetasun handia behar da librean hasi eta amaitu saio oso bat egiteko, horregaitik aukeratu ditue goi mailako bertsolariak. Bizkaiko gaur egungo txapelduna da Ibarzabal, eta Euskal Herriko txapela lau aldiz irabazitakoa da Egaña.

Bagilaren 4an, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Saioa Alkaiza entzun ahal izango doguz Deustun, laurak euren herrialdeetako txapeldunak: lehenengo biak Bizkaiko txapeldun izandakoak dira; Colina Ipar Euskal Herriko onena izan da txapelketa ugaritan eta Alkaizak Nafarroakoa irabazi eban udagoienean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu