Koba Live, metal eta rock jaialdi barria Abadiñon

Bizkaie! 2022-05-04 08:37   Musikea

Bagilaren 25ean izango da lehenengo edizinoa.

Mikel Garaizabal, Argi Abad eta Sergio Correa, aurkezpenean (argazkia: Abadiñoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zazpi taldek joko dabe Abadiñoko I. Koba Live jaialdian, bagilaren 25ean. Abadiñoko Udala eta Sugaar Musika Alkartea antolatzaile dirala, lehenengo aldiz egingo da festibala, metal eta rock doinuak euskal publikoari hurreratzeko asmoz. Traña-Matienako eskoletako futbol zelaian izango dira kontzertuak, doban.

Abadiñoko udaletxean aurkeztu dabe jaialdi barria Mikel Garaizabal alkateak, Argi Abad Kultura zinegotziak eta Sergio Correa Sugaar alkarteko ordezkariak. Abadiñotik harago doan ekitaldia da, eta kanpoko jentea erakarriko dau, adierazo dau Garaizabalek. Ekitaldi estrategikoa da, kulturearen aldeko apustua, lekuko garapenaren eragile lez.

Egitarauan Durangaldeko talde bi sartu ditue, The Kraven eta Orion Child, eta kanpoko bandak be etorriko dira. Vita Imana izango da kartelburu. Madrilgo groove metal taldeak soinu oldarkorrak eta girokoak buztartzen ditu, perkusinoa eta afinazino grabeak bereizgarri dituala. Bost disko ditu eta kalidadezko zuzenekoari esker jaialdi onenetan jo dau.

Vhäldemar da karteleko beste banda adierazgarri bat. Ibilbide luze-luzea dabe Barakaldokoek, 1990eko hamarkadatik dabiz heavy metal doinuak han eta hemen zabaltzen. Estudioko sei disko, zuzeneko kontzertu asko eta Japoniako birea aitatu leitekez euren ibilbidean.

Legazpiko Elbereth boskoteak be ibilbide luzea dau, euskerazko lau disko tartean. Abadiñon 20. urteurrena ospatuko dabe. Gasteizko The Faithless, ostera, 2015ean sortu zan, hard rock eta metal doinuak lantzen ditu eta hirugarren diskoa argitaratu barri dau. Bestetik, talde ugaritako kideen artean sortu dabe Unholy Covers, Abadiñon 1980 eta 90eko hamarkadetako doinu ezagunak joteko.

Durangaldeko taldeen artean, The Kraven-en kasua deigarria da, 2008an desegin zalako, baina Abadiñon joteko barriro batuko diralako bertako kideak. Orion Child, azkenik, Matienan entseguak egiten dituan bandea da, eskualdeko musikariek osotua. Euren ibilbide luzean, kontzertuetan, lehiaketetan eta beste talde batzukaz egindako kolaborazinoetan entzun doguz.

Argi Abad zinegotziaren arabera, pandemiaren ondorioz ekimen asko bertan behera itxi behar izan ziran, baina barriro be ekiteko eta gure eskaintza kulturala dibersifikau eta gazteentzat erakargarriagoa egiteko aukerea emongo deuskuen gauza barrien aldeko apustua egiteko momentua da.

Aurtengoa lehenengo edizinoa dan arren, hurrengo urteetan gehiago egitea eta haztea aurreikusi dabe. Koba Live jaialdiko arduradun Sergio Correak azpimarratu dauenez, Abadiño leku aproposean dago, garraiobide onak eta ostalaritzea ditu: Abadiño bultzatu gura dogu, musika estilo honen inguruko erreferente bihurtu daiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu