Emakumeak nagusi III. BBK Artearen Ibilbidean

Bizkaie! 2022-05-03 13:19   Kulturea

Bizkaiko 25 herritara eroango dabe erakusketa ibiltaria.

Bilboko Arte Eder Museoaren ondare artistikoa Bizkaiko herritarrei hurreratzeko sortutako BBK Artearen Ibilbidea ekimenak hirugarren edizinoa beteko dau, maiatzean hasi eta zemendira arte. Aurreko urteetan lez, museoko obra batzuen kalidade handiko erreprodukzinoak izango dira erakusketearen oinarria, eta herririk herri eroango ditue. Asteon bertan Bilbon hasita, danetara 25 lekutan ikusi ahal izango da.

Aurtengo edizinoaren berezitasuna da aukeratutako artelanak batzen dituan gai nagusia, emakumeak hain zuzen. Arte Eder Museoko bilduman emakumeek daben presentziaren barri emotea da helburua, artista lez zein obretako gai lez.

Panel handietan erakutsiko ditue aukeratutako obrak, XV. mendetik gaur egunera arteko 40 lan. Bereizmen handiko erreprodukzinoakaz batera, obra bakotxaren azalpena dakar erakusketeak, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Informazino hori eta audioak QR kode bidez deskargau leitekez.

Artelanik zaharrenen arteko guzti-guztiak gizonek egindakoak dira, baina emakumeak gaitzat hartuta. Barriagoen artean, ostera, emakume artista ugariren obrak dagoz, XIX. mendetik hona gero eta leku handiagoa hartzen dabizalako. Besteak beste, Isabel Baquedano, María Blanchard, Menchu Gal, Marta Cárdenas, Itziar Okariz eta Susana Talayeroren lanak ikusi geinkez.

Arte Eder Museoko konserbatzaile Miriam Alzurik atondu dau proiektua, Hezkuntza eta Kultura Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak lagunduta. Hileotan Ikuspuntuak egitasmoaren bidez museoan ezagutu ahal izan diran zortzi obrak be erakusketearen parte dira, baita horren harira Tamara García Iglesias zinemagileak egindako bideoak be.

III. BBK Artearen Ibilbideari esker, Bizkaiko herritarrek hur-hurretik ezagutuko dabe artea eta sorkuntzan emakumeek daben garrantzia. Artearen historian emakumeak irudikatzeko egon diran moduez gogoetea egiteko eta emakume artisten ikuspegia ezagutzeko modua emoten dau.

Maiatzaren 10era arte Bilboko Kale Nagusian egongo da erakusketea. Hile honetan bertan, Barakaldon (10-17), Portugaleten (17-24) eta Trapagaranen (24-31) be ikusi ahal izango da.

Zemendira bitartean, beste geldialdiak honakoak izango dira: Muskiz, Gallarta, Galdames, Gueñes, Balmaseda, Alonsotegi, Dima, Lekeitio, Getxo, Plentzia, Bakio, Bermeo, Gernika, Elantxobe, Sondika, Markina, Durango, Mungia, Artea, Basauri eta Orozko. Azken geltokia Bilbo izango da barriro.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu