Gaztediren 70+1 urteurrena erakusketa bategaz gogoratuko dabe
2022-05-03 12:35 KultureaSantutxu eta Basarrate metro geltokietako sarbideetan egongo da.
Bizkaiko jantza talderik beteranoenetako bat da Santutxu auzoko Gaztedi, igaz 70 urte bete zituan. Aurten, 70+1 urteurrena ospatzeko asmoz, argazki erakusketea ipini dabe Bilboko Metroko geltoki bitan, Santutxun eta Basarraten. Hain zuzen be, Karmelo eta Zabalbide kaleetako sarbideetan eta Basarrate plazakoan ikusi leitekez panelak, maiatzaren 31ra arte.
Formatu handiko erretratuon bidez, Gaztediko kideen jarduna ikuspegi barri batetik ezagutu geinke: jantzak, bidaiak, jantziak... Iñigo Azkona argazkilariarenak dira irudiok. Bilboko Udalaren bultzadaz atondu dabe erakusketea.
Gaztediren ibilbide oparoa gogoratzeko ospakizunak atzeratu egin behar izan zituen igaz, pandemiaren eraginez, eta horregaitik erabagi dabe 70+1 urteurrena egitea. Taldearen historia ez eze, euskal folklorea be ospakizunetako ardatza izango da. Metroko erakusketea egitarau horretako hitzorduetako bat da.
1951n sortu zanetik, Santutxu auzoan euskal kulturea sustatzeaz arduratu da Gaztedi. Inguruko jantzak zein tradizinoak berreskuratu eta bizibarritu ditue 71 urteotan. Kanpoko jaialdi, topaketa eta erakustaldietan be sarri hartu dabe parte.
Gaur egun, auzoko eragile aktiboenetako bat da. Esate baterako, Udalak antolatzen dituan ekimen ugaritan laguntzen dau, besteak beste, Santutxu Kolorea eta Musikauzo. Jaietan be ohikoa da Gaztediko jantzariak ikustea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!