Bilboko Mallonako monumentuaren memoria lehengoratu dabe

Bizkaie! 2022-05-03 08:33   Kulturea

Informazino mahaia eta horma-irudia ipini ditu Udalak.

Informazino mahaia eta monumentua (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mallonako kanposantua izan zanaren txoko batean dago Karlistadetako Laguntzaileen Batailoiaren gomutazko monumentua. 1870ean herri-harpidetzaz egina, 1937an frankistek desegin eben arren, zati bat oraindino zutunik dago, baina jente askok ez dau ezagutzen. Hortaz, 2020ko urtarrilean udalbatzak aho batez onartutakoa betez, Bilboko Udalak informazino mahaia ipini dau alboan, hainbat jakingarri historiko gizarteratzeko.

Mahaia eta horma-irudia da, aldi berean, elementu barria. Izan be, Donejakue Bidearen barri emoteko Zazpi Kaleetan eta Begoñan dagozan panelen antzekoa da, hau da, informazinoa eta artea buztartzen ditu. Altzairu lakatuz eta sumendi-laba serigrafiaduz egina dago.

Memoria historikoa berreskuratzeko ahalegin honetan, Mallonako inguruagaz lotutako hiru gai lantzen dira paneleko informazinoan eta argazkietan. Lehena, XIX. mendeko gerretan Bilbok sufridutako setioak, 1835-36koak batez be. Bigarrena, Mallonako panteoia. Hirugarren gaia maiatzaren 2ko prozesio zibikoa da, 1874ko setioa egun horretan amaitu zala gogoratzen dauena.

Informazinoa euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago. Panelera eta monumentura heltzeko harrizko bidetxua be eregi dau Udalak.

Gaur egun, panteoiaren monumentuaren oinarria eta eskultureari eusten deutsan fustea baino ez dira geratzen. Ganera, jatorrizko armarri bat eta harrizko lehoiak Euskal Museoan gordeta dagoz. Panteoiko gorpuzkiak 2001ean lekualdatu zituen eta ganerako guztia gerran desagertu zan, 1937an.

Horregaitik, informazino-mahaia ipintea eta ingurua atontzea memoria historikoa berreskuratzeko modua dala uste dau Udalak. Ia 10.000 euroko aurrekontua izan dabe obrek. El Sitio alkarteak lagundu dau proiektuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu