Hizkuntza Teknologietan euskereari lekua egiteko asmoz dator Gaitu

Bizkaie! 2022-05-02 07:50   Euskerea berbagai

Baliabideak sortu eta interesdunen esku ipiniko ditu Jaurlaritzeak.

Xabier Arrieta, Bingen Zupiria eta Leire Madariaga (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Adimen artifiziala oinarrian dabe Hizkuntza Teknologiek eta beharrezkoa da euskeraz be erabili ahal izatea, hizkuntzeak aurrera egin deian gaur egungo testuinguruan. Horregaitik, Eusko Jaurlaritzeak Gaitu-Hizkuntza Teknologien ekintza plana (2021-2024) aurkeztu dau Bilbon. Administrazino publikoa eragile izan daiten, martxan dagozan edo jarriko diran jarduerak batuko ditu planak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzearen zuzendari Leire Madariagak eta Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologien zuzendari Xabier Arrietak aurkeztu dabe ekintza plana. Ingurune digitalean euskerearen presentzia eta euskerazko tresnen eta edukien sorkuntzea sustatzea da helburua, Zupiriaren arabera.

Izan be, gaur egun, idatzizko zein ahozko hizkuntzea prozesetan dabe Hizkuntza Teknologiek, adimen artifizialaren parte diran Hizkuntza Prozesamenduaren eta Itzulpen Automatikoaren ataletan. Ekintza-planaren helburua da administrazino publikoek hizkuntza naturala prozesetako teknologiak, baita itzulpen-automatikoarenak be, euren eguneroko jardunean txertatzea, zerbitzu publikoaren kalidadea eta gaitasuna hobetzeko.

Gaitu plana gauzatzeko, Hizkuntza Politikako arduradunek batzarrak egin ditue zortzi arlotako ordezkariakaz: administrazino elektronikoa; hezkuntzea; helduen euskalduntzea; osasungintzea; justizia; turismoa; kulturea, hedabideak, humanidade digitalak eta liburutegi digitalak; eta segurtasuna. Arlootan sortutako edo sortzeko bidean diran proiektuak batzen ditu agiriak.

Euskerea Hizkuntza Teknologian berme guztiakaz sartzeaz gan, baditu beste helburu bi plan barriak, Bingen Zupiriak azaldu dauenez: batetik administrazino publikoak trakzino lez jardutea eta, bestetik, euskereak hizkuntza nagusiakaz dauen distantzia txikitzea. Horren barruan, beste hamar helburu zehatzago be definidu ditue, esate baterako, lankidetzea bultzatzea, Hizkuntza Teknologien eragin positiboa ikusgai egitea eta adimen artifiziala modu jasangarrian lantzea.

Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologien zuzendari Xabier Arrietak adierazo dauenez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazino publikoa barritzeko eta modernizetako konpromiso sendo eta etenbakoan saltoa egin dogu, administrazinoaren azpiegituretan adimen artifiziala erabilteko aukerea emongo daben elementuak sartzeko orduan eta aurrera egiten jarraitu ahal izateko, gaur egun eskuraezinak diran datu asko behar dira.

Planak ezarritako bidean, dagoeneko 25 itsasargi edo erreferetziazko proiektu identifikau ditue. Lankidetzan oinarritutako egitasmo transbersalak dira eta plana dinamikoa danez, 2024ra bitartean beste itsasargi batzuk batzea espero dabe.

Funtsezkoak diran 25 proiektuen artean dagoz Itzuli itzultzaile neuronala sendotzea, sistema judizialerako beste itzultzaile neuronal bat sortzea eta euskaltegietarako ikas-plataforma integradua atontzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu